Gizartea -
Euskaraldia
Arabak eta Gasteizek bat egingo dute Euskaraldiaren bigarren edizioarekin
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak, Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko presidenteak eta Encina Castresana Aiarako Koadrilako presidenteak Euskaraldira atxikitzeko agiri bat irakurri dute.
eitb.eus
Udal eta Koadriletako ordezkari politikoek, Arabako Foru Aldundiko kideekin batera, Euskaraldia euskararen aldeko ekimenari atxikitzeko ekitaldian parte hartu dute gaur, euskarazko hizkuntza-ohituren erabilera eta eraldaketa bultzatzeko. Bertan, Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko presidenteak, Encina Castresana Aiarako Koadrilako presidenteak eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak atxikimendu agiri bat irakurri dute Arabako erakunde guztien ordezkari gisa.
Bertan, Gasteizko alkateak, Arabako udalerri guztien ordezkari gisa, gogorarazi du Arabako gizartean "euskara eta gaztelania elkarrekin bizi" direla, eta "badakigu euskaraz egitea ariketa bereziki soziala dela, ez da norbanakoak bere kabuz hartzen duen erabakia soilik", Euskaraldiaren bigarren edizio honetan, prest dauden arabarrek, "ahobizi" edo "belarriprest" rolak hartzeko dei eginez.
Herritarren hizkuntza ohituren erabilera eta eraldaketa bultzatu nahi duen ekimenaren bigarren edizioa azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da aurten, eta "ariguneak" jarriko dira abian (talde horietako kideek "ahobizi" eta "belarriprest" gisa jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan), aurtengo nobedaderik azpimarragarriena.
Edizio honetan arabarrek aukera berri bat izango dute Lurralde Historikoan ere euskarazko komunikazioa posible dela frogatzeko. Arabako ulermenaren mapak emandako datuen arabera, biztanleriaren % 48,2 gai da euskara ulertzeko, eta 0-14 urte bitartekoen artean, berriz, gazte gehienak elebidunak dira (% 86).
Ildo horretan, Aiarako Koadrilako presidente Encina Castresanak, gainerako koadrilen ordezkari gisa, gogorarazi du Arabako gizarteak euskararen normalizazioaren bidean aurrera egiten jarraitzen duela, "Euskararen erabileran aurrera egiteko oinarri sendoak” ezarriz: “Norbanakoak irabazten du, taldeak irabazten du, azkenean gizarteak irabazten du".
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak itxi du ekitaldia, eta gogorarazi du Euskaraldiak bat egiten duela Araban Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoarekin (2019-2022): "Hiztunak eta hiztun-sareak aktibatzea, edo lurraldean euskaraz bizitzeko aukerak bermatzeko baldintzak sortzen jarraitzea". Helburu horretarako, funtsezkoa da lankidetza, eta diputazioa prest dago urrats sendoak ematen jarraitzeko, "Arabako Foru Aldundiaren lidergoaren babesean, euskara zerbitzuekin, euskalgintzarekin eta gainerako gizarte-eragileekin lankidetzan".