Gizartea -
Koronabirusa
Osasun sistema bete eta maskara ez erabiltzea helburu duen kanpaina bat salatu dute
WhatsApp bidez zabaltzen ari den mezu horren arabera, medikuari maskara erabiltzetik salbuesteko agiri bat eskatu behar zaio, eta medikuak hori egiteari uko egiten dionean, kexa bat jarri.
Agentziak | Erredakzioa
Osasun sistema bete eta gainezka egitea helburu duen kanpaina bat salatu du astelehen honetan Bizkaiko Medikuen Elkargoak (BME). Ohar batean azaldu duenez, arrazoi medikoengatik maskara erabiltzetik salbuetsita ez dauden herritarrei erreklamazioak jartzera animatzen dituzte "ezin hobeto antolatuta dagoen kanpaina" horrekin.
WhatsApp bidez bolo-bolo zabaltzen ari den mezu horren arabera, familiako medikuari maskara erabiltzetik salbuesteko agiri bat eskatu behar zaio, eta medikuak hori egiteari uko egiten dionean, kexa bat jarri pazientearen arreta zerbitzuan. Jarraian, abokatu bati kopia bat eman behar zaio (Elkargoak adierazi duenez, mezu horretan abokatu baten izen-abizenak zehazten dira), antza denez, abokatu horrek salaketa guztiak bildu eta salaketa kolektibo bat aurkeztuko baitu epaitegietan.
Bizkaiko Medikuen Elkargoak jakinarazi duenez, mezu hori WhatsApp bidez zabaltzen ari da, eta maskara erabiltzetik salbuesteko agiriak emateari uko egin dioten elkargokide batzuen aurka kexak aurkeztu dituzte jada.
Elkargoaren ustez, kanpaina hori "osasun publikoaren aurkako atentatua" izan daiteke, maskara ez erabiltzea bultzatzeagatik eta osasun sistemak gainezka egiten saiatzeagatik.
Testuinguru horretan, Bizkaiko Medikuen Elkargoak azaldu du dagoeneko kanpaina horren berri eman diela Osasun sailburuari eta Osakidetzari, eta EAEko Auzitegi Nagusiko fiskaltzari ere jakinaraziko diola.