Gizartea -
COVID-19
107 positibo berri Bizkaian, 82 Nafarroan, 46 Gipuzkoan eta 12 Araban
ETBk jakin ahl izan duenez, 55 kutsatu berri Bilbon antzeman dituzte. Azken 24 orduetan 4.323 PCR proba egin dituzte EAEn, eta beste 1.948 Nafarroan.
Agentziak | Erredakzioa
PCR probek 166 positibo berri baieztatu dituzte Euskadin, aurreko egunean baino 43 kasu gehiago. 107 kasu berri Bizkaian antzeman dituzte. ETBk jakin ahl izan duenez, 55 kutsatu berri Bilbon aurkitu dituzte, baina horietako askok bigarren etxebizitza kostaldean dute.
Osasun Sailak ohar batean azaldu duenez, azken 24 orduetan 4.323 PCR proba egin dituzte, horietatik 166k positibo eman dute.
Kutsatu berrien artean, 107 Bizkaian antzeman dituzte. Ondoren Gipuzkoan 46 kasu berri baieztatu dituzte, eta beste 12 Araban. Gainera, Euskaditik kanpo bizi den pertsona batek positibo eman du PCR proban.
“Norberak babes neurriak areagotzeko” beharra azpimarratu du Osasun Sailak, “maskara erabiltzea eta eskuak garbitzea esaterako”.
Gainera, “transmisio arrisku egoerak saihestu” behar direla gogorarazi die herritarrei, hala nola, “bilerak, ospakizunak, jendetzak, eta oro har, 1,5 metroko segurtasun distantzia mantentzea ezinezkoa den edozein egoera”.
Era berean, kutsatuek “bakartze neurriak zuzen bete” behar dituztela gogorarazi du Sailak. COVID-19aren sintomak (eztula, eztarriko mina, sukarra, aire falta sentsazioa edo usaimen galera) izatekotan etxean geratzea eta osasun zentrora telefonoz deitzea gomendatu du.
82 kutsatu berri eta 5 ospitaleratu gehiago Nafarroan
Bestalde, Nafarroan 82 positibo berri baieztatu dituzte azken 24 orduetan. Gainera, bost pertsona ospitaleratu behar izan dituzte.
Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, Iruñean eta Iruñerrian bost agerraldi txiki antzeman dituzte.
Mendillorri auzoko fokuak kasu kopuru handiena du: 170. Azken orduetan bederatzi positibo baieztatu dituzte.
Tuterako ezkontzak eragindako agerraldiari dagokionez, bi kutsatu berri antzeman dituzte. Dagoeneko 51 kasu zenbatu dituzte fokuan.
Uztailaren 6ko gosari eta bazkarietan, Iruñean, izandako agerraldiarekin zerikusia duten zazpi kasu berri baieztatu dituzte. Guztira, 33 dira. Iruñerriako agerraldian, bestalde, bi kasu gehiago zenbatu dituzte; guztira, 18 paziente.
Agerraldi nagusiez gain, 13 kutsatu berri antzeman zituzten atzo; beste zortzi foku txikirekin harremana dute.
Larunbatean 1.948 PCR proba egin zituzten Foru Erkidegoan, jardunaldi bakarrean “orain arte egindako proba kopururik handiena”.