Gizartea -
Euskal Herriko Unibertsitatea
Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoa, EHUn sartzeko nota altuena eskatzen duen gradua
Guztira, 16.430 ikaslek, iaz baino 1.000 gehiagok, egin dute aurrematrikula EHUn. Matrikula egiteko lehen deialdia uztailaren 27an hasiko da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
13,199 da Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitza egin nahi duten ikasleek unibertsitatera sartzeko izan beharko duten nota. Hain zuzen ere, horixe da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) sartzeko nota altuena eskatzen duen gradua.
EHUk ohar baten bidez jakinarazi duenez, 16.430 ikaslek, iaz baino 1.000 gehiagok, egin dute aurrematrikulazioa 2020-2021 ikasturterako. Matrikulazio-epeari dagokionez, datorren astelehenean, uztailaren 27an, irekiko dute, eta ostegunera arte egongo da zabalik.
Nota altuena eskatu duten graduak hauek dira: Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitza (13,199), Biokimika eta Biologia Molekularra (13,085), Medikuntza (12,871), Medikuntza euskaraz (12,631), Farmaziako eta Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradu Bikoitza (12,589), Bioteknologia (12,586), Double Bachelor's degree in Business and Economics (12,578), Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoko eta Soziologiako Gradu Bikoitza (12,308), Odontologia (12,273), Matematikak (12,268), Erizaintza Bizkaian (11,938), eta Ingeniaritza Mekanikoa eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza (11.924).
Gainera, Adimen Artifizialeko Graduan sartzeko 11,824 nota eskatuko dute; Ingeniaritza Elektronikorako, 11,794; Ikus-Entzunezko Komunikazioko eta Kazetaritzako Gradu Bikoitzerako, 11,790; Kazetaritza eta Publizitatea eta Harreman Publikoetako Gradu Bikoitzerako, 11,769; Fisioterapiarako, 11,717; Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Zuzenbiderako, 11,716 (Bizkaian), eta Erizaintzako Gradurako, 11,700 (Bizkaian).
8.448 plazako eskaintza
Datorren ikasturterako EHUko fakultateek eta eskolek 8.448 plaza eskainiko dituzte. Horrez gain, EHUri atxikitako hiru zentroek beste 230 plaza izango dituzte, alegia, Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskolak, Bilboko Merkataritza Ganbera eta IMHren Ingeniaritza Dualaren Unibertsitate Eskola.
Bestalde, 103 gradu izango ditu, guztira, EHUk datorren ikasturtean, eta badira berrikuntzak ere: ingelesezko Business + Economics gradua eta beste hiru gradu bikoitz (Kazetaritza eta Publizitatea eta Harreman Publikoak; Ikus-Entzunezko Komunikazioa eta Kazetaritza eta Politika Zientziak eta Kudeaketa Publikoa eta Soziologia. Informatika Fakultatean, halaber, Adimen Artifizialeko Gradua estreinatuko dute.