Gizartea -
COVID-19
Frantziak Kataluniara ez bidaiatzeko gomendioa eman du
Jean Castex Frantziako lehen ministroak azaldu duenez, Espainiako eta Kataluniako agintariekin harremanetan daude, ahal den neurrian joan-etorriak mugatzeko.
Agentzia | Erredakzioa
“Osasun egoerak okerrera egin duenaren zantzuak” ikusita, Kataluniara ez bidaiatzea “biziki” gomendatu die Jean Castex lehen ministroak frantziarrei.
“Kataluniako egoerak osasun adierazle okerragoak ditu. Lurraldean egoerak hobera egin arte, bertara ez bidaiatzea biziki gomendatzen diegu herritarrei”, adierazi du Castexek. Koronabirusaren pandemia aztertzeko Defentsa Kontseilua bildu da Frantzian. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Castexek parte hartu dute batzarrean.
Castexek azaldu duenez, Espainiako eta Kataluniako agintariekin harremanetan daude, ahal den neurrian bi estatuen arteko joan-etorriak mugatzeko.
Gobernuburuak Espainiako mugak ixtea baztertu du oraingoz, baina neurria Kataluniarentzako hondamendi bat da; izan ere, 2019an turista atzerritar gehien hartu zituen erkidegoa izan zen, hamarretik bi frantziarrak.
Frantzian egoerak okerrera egin du azken 24 orduetan; izan ere, 1.000 kasu baino gehiago baieztatu dituzte. Gainera, konfinamendua amaitu zenetik aurrenekoz ZIUetan paziente kopuruak ez du behera egin.
Mugak ixteko balizko neurria Espainiako agintariekin hitz egin beharko zela aipatu zuen Castexek iragan larunbatean, baina azkenean ez dute erabaki hori hartu.