Gizartea -

COVID-19

Murga: "Bigarren olatuaren hasieran egon gaitezke"

"Birusaren transmisio esanguratsuak harritu gaitu", onartu du Osasun sailburuak. Bestalde, Eusko Jaurlaritza gaueko aisialdia arautzeko lanean ari da.

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. Artxiboko argazkia: EFE
Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. Artxiboko argazkia: EFE
Gaueko aisialdiari murrizketak ezartzea aztertzen ari da Osasun Saila

1:11

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COVID-19an positibo eman duten pertsonen kopuruak gora egin du azken egunetan. Ostegunean 136 kasu baieztatu zituzten EAEn. Hori ikusita, pandemiaren “bigarren olatu hasieran egon gaitezke”, ohartarazi du Nekane Murga Osasun sailburuak. Bestalde, Eusko Jaurlaritza gaueko aisialdia arautzeko lanean ari dela jakitera eman du agintariak.

Kasuen kopuruak gora egitea “aukera bat” zela azaldu du Osasun sailburuak Ser irratian, baina “birusa pertsonen artean izaten ari den transmisio esanguratsuak harritu gaitu”, onartu duenez.

Positiboen datuak kontuan hartuta, “bigarren olatu hasieraren aurrean egon gaitezke”, esan du Nekane Murgak elkarrizketan. Buruzagiak azaldu duenez, une honetan kasu baieztatuen % 20-25ek ez dute sintomarik, baina “asintomatiko bezala identifikatutako batzuek, egun batzuk igarota sintomak dituzte”. Ondorioz, “ospitaleratuen eta lan kargaren sekuentzia aldatzen ari da, baita adin tartea eta sintomen larritasuna ere”, erantsi du.

“Diagnostikoari aurrea hartu diogu, tratamendurik ez dagoela egia baita”, azpimarratu du sailburuak. “Gaur identifikatutako kasuek datozen asteetan sintomak izatea eta, are gehiago, ZIU behar izatea posible da”, ohartarazi du.

Maskara erabiltzeko beharra nabarmendu du Murgak. Zentzu horretan, zenbait egoeratan, familiarteko bileretan eta gaueko aisialdian esaterako, “ez da egoki erabiltzen”, salatu du.

Bestalde, sektoreko ordezkariekin elkarlanean, Eusko Jaurlaritza gaueko aisialdia arautzeko lanean ari dela jakinarazi du sailburuak, neurria “datorren astean indarrean sartzeko asmoz”.

Lokaletan sartzeko erregistroa

Beste erkidego batzuek egin bezala, gaueko lokaletara sartzeko erregistro bat martxan jartzeko aukeraz galdetu diote sailburuari. Neurri hori aplikatzea “oso zaila da, eta ez litzateke konponbidea izanen”, erantzun du Murgak. Hala ere, “beste mota bateko bileretan, beilatokietan esaterako”, aplikatzea ez du baztertu. Hala ere, “datuen babesa, eraginkortasuna eta egingarria izatea” kontuan hartu beharreko beste alde batzuk dira, gaineratu duenez.

Gaueko aisialdia arautzeko aukerari dagokionez, “ehunka pertsona jatetxe batean bildu ditzakeen ospakizunek (ezkontzak)” ere Eusko Jaurlaritza kezkatzen dutela adierazi du Murgak; izan ere, nahiz eta mahaikoak mugaturik egon, “sentimenduei eustea zail izan daitekeen egoerak dira familiarteko ospakizunak”.

Horregatik, ospakizun zein beilatan, mugak jartzea garrantzitsua da, “ordutegiaz gain, biltzeko moduan”, zehaztu du agintariak.

Kasuak antzemateko lanak

Kasuak antzemateko lanean, une honetan, EAEn 180 pertsona ari direla argitu du Murgak. Era berean, beste 20 pertsona lan administratiboa egiten ari direla azpimarratu du buruzagiak, txartelen kudeaketa eta etxeak aurkitzeko laguntza eskaintzen esaterako. Guztira, “200 pertsona baino gehiago” ari dira lanean, nabarmendu duenez.

Murgaren hitzetan, Osakidetzak “ZIU oheak biderkatzeko gai” den dispositibo bat prest du, baina “zailtasun agertoki” bat litzateke orain, “profesional batzuk oporretan direlako”. “Datozen asteetan halakorik gertatuko denik ez du ematen, epidemiaren bilakaera ikusita”, erantsi du. Hala ere, “osasun langileen zati bat oporretan dago, eta plangintza egiteko orduan zailtasun testuinguru bat da”, aitortu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa