Gizartea -
VERTER Recycling
Zaldibar Argituk zabortegiko arduradunen "beharrezko" atxiloketa txalotu du
Epaitegiek erantzukizun "pribatuen" garbiketan aurrera egitea babestu du, baina erantzukizun politikoei dagokienez "urratsik ez" dela eman deitoratu du.
agentziak | erredakzioa
Zaldibar Argitu elkarteak, Verter Rrecycling enpresak duen zabortegian izandako luizia salatzeko plataformak, esan du "albiste ona" dela enpresako arduradunen atxiloketa, "beharrezkoa" delako, nahiz eta "berandu" iritsi den.
Ertzaintzak Verter Recycling 2002 enpresako hiru arduradun atxilotu zituen atzo Durangoko epaitegiaren aginduz. Zaldibarko zabortegiaren jabea da enpresa hori, eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileen heriotza eragin zuen luizia bertan izan zen.
Zaldibar Argituk babestu egin du epaitegiek gertatutakoaren erantzukizun "pribatuak" argitzeko bidean aurrera egitea, baina deitoratu egin du erantzukizun politikoei dagokienez ez dela "urratsik eman", eta "higiene demokratikoagatik zentzu horretan mugimenduak" egon beharko liratekeela adierazi du.
Hala, Iñaki Arriola Ingurumeneko jarduneko sailburua EAJ eta PSE-EE negoziatzen hasi diren hurrengo Eusko Jaurlaritzako kide ez izatea eskatu du.
Langileen laneko segurtasuna eta osasuna mutualitateen esku ez uzteko eta erakunde publikoen ardura izateko ere proposatu du.