Gizartea -
Koronabirusa jaiak
Getxoko Udalak aurrez aurreko jarduerarik gabeko jai birtualen alde egin du
EAJ, PSE-EE, PP eta Getxoko elkarteetako 40 bat ordezkarik jai birtualen aldeko lekukotza ekitaldia egin dute gaur goizean.
Agentziak | Erredakzioa
Getxoko Udalak eta hainbat esparrutako 40 bat tokiko erakundek jai birtualen eta ez-presentzialen alde egin dute, osasuna arriskuan jarri dezaketen jendetzak saihesteko, eta segurtasun-neurriak betetzeko herritar guztien inplikazioa eskatu dute.
EAJ, PSE-EE, PP eta Getxoko elkarte sareko 40 bat ordezkariek ekitaldi bat egin dute gaur goizean Portu Zaharrean, jai birtualen eta ez presentzialen alde. Era berean, maskararen nahitaezko erabilera eskatu dute.
Amaia Agirre Getxoko alkateak pandemia garaian senideren bat galdu duten familiak gogoratu ditu, eta maskara janzteko, eskuak garbitzeko, segurtasuneko distantzia mantentzeko eta pilaketak saihesteko erantzukizun indibidual eta kolektiboa eskatu du.
Horregatik adierazi du Getxok ez dituela jaiak modu tradizionalean ospatuko, eta "lankidetza, inplikazioa eta erantzukizuna" eskatu die herritar, elkarte eta bisitariei, "Getxon osasuna arriskuan jarri dezaketen jendetzak, festak eta jarduera presentzialak saihesteko".
Jarraian, alkateak Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) eta PPk planteatutako testua irakurri du. Bertan, jaien ospakizuna eta Nazioarteko Paella Lehiaketa bere formatu tradizionalean bertan behera uzteko eta formatu birtualean egiteko erabakia gogorarazi dute.
Testuak nabarmendu du, jaiak ezin direnez modu tradizionalean ospatu, ez direla bide publikoan ekitaldirik baimenduko, ez dela txosnak muntatzeko baimenik emango, ez eta kanpoko barrak muntatzeko eta ostalaritzarako ordutegiak luzatzeko baimenik ere.
Era berean, "jendaurreko eta aurrez aurreko edozein ekintzak edukiera mugatzea eta kontrolatzea ekarriko du, baita higiene eta distantzia mantentzea bezalako neurriak ere".
Gainera, gogorarazi du "funtsezkoa" dela maskara erabiltzea, distantzia mantentzea eta pilaketak saihestea, "batez ere aisialdi uneetan, haietaz ahalik eta modu seguruenean gozatu ahal izateko".