Gizartea -
Koronabirusa
Ermuko eta Bergarako tabernen edukiera murriztea erabaki du Eusko Jaurlaritzak
Halaber, barran kontsumitzea debekatu dute eta establezimenduak gehienez 23:30 arte egon ahalko dira irekita.
EITB.EUS
Ermuko eta Bergarako koronabirus agerraldiak geldiarazteko asmoz, Eusko Jaurlaritzak udalerri horietako tabernen eta jatetxeen edukiera erdira murriztea erabaki duela jakinarazi du arratsalde honetan Nekane Murga Osasun sailburuak.
Halaber, barran kontsumitzea debekatu dute eta establezimenduak gehienez 23:30 arte egon ahalko dira irekita. Eibarren, Tolosan, Zarautzen eta Ordizian gauza bera egin zuten.
COVID-19aren Jarraipen Batzordea arratsaldean bildu da epidemiaren bilakaera aztertzeko eta ondoren Murgak agerraldia egin du. Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak hartu du parte batzarrean.
Joan den asteburuan 426 positibo izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan, gehienak Gipuzkoan (212) eta Bizkaian (185). Azken orduetan 24 kasu berri detektatu dituzte Ermuan eta 23 Bergaran.
Oraingoz behintzat, Jaurlaritzak ez ditu ostalaritza sektoreari ezarritako mugak orokortuko. "Kutsatze kopuruak gora egiten duen tokietan soilik hartuko ditugu neurriak", zehaztu du Murgak.
Arestian aipatutako udalerrietan COVID-19arekin gaixotu direnetako asko aurreko egunetan gauez tabernetan ibili zirela esan du sailburuak. Alabaina, Bergarako kasuan ez dago zantzurik herrian kutsatu zirela ziurtatzeko.
Azken egunetan Zarautzen, Getarian, Ermuan edo Eibarren ospakizun asko izan direla eta kutsatzeen jatorria non egon den zehatz-mehatz esatea "zaila" dela esan du Murgak.
Positibo eman duten hainbat gaztek norekin egon diren esaten omen ez dutela eta, sailburuak azpimarratu du kasu "gutxi batzuk" baino ez direla eta, oro har, herritarrek eskatutako informazioa ematen dutela. Hori bai, onartu du badirela kasuak non oso zaila den arriskuan egon daitezkeen pertsonak identifikatzea, kutsatuek eurek ere bistaz soilik ezagutzen dituztelako, eta haien izenak edota helbideak ez dakizkitelako.
Bestalde, Murgak gogoratu du herritarren osasuna arriskuan jar dezaketen jarduerak antolatzeagatik isunak jartzea ahalbidetzen duela Osasun Publikoaren Legeak. Ildo horretan, jakinarazi du Ertzaintzak lokal baten aurkako izapideak abiatu dituela aipatu araudia urratzea egotzita.