Gizartea -
Koronabuloak
Ez, 60 urtetik gorakoek ez dituzte jasoko hilean hiru musuko dohainik EAEn
Osasun Sailak gezurtatu egin du sare sozialetan zabaldu den mezua, 60 urtetik gorakoek farmazian hilean hiru musuko doan jaso ditzaketela dioena.
eitb.eus
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gezurtatu egin du 60 urtetik gorakoek hilean hiru musuko doan jasoko dituztenik.
Eusko Jaurlaritzak Whatsappez bolo-bolo zabaldu den mezu honi egin dio erreferentzia:
(Jatorrizkoa, gazteleraz)
Musukoak.
60 urtetik gorakoen Osasun Txartelean ditugu jarrita jada. Hilean hiru maskarako pack bat da.
Uztailararen 29tik aurrera eskuragarri izango ditugu farmazietan hartzeko.
Gure Senide eta Lagunei jakinarazi beharko genieke.
Asko ez bada ere… baina bada zerbait… zerbait…
Osasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dio informazio hori faltsua dela, ez dagoela martxan horrelako kanpainarik, eta ez 60 urtetik gorakoek, ez beherakoek, ez dutela maskara sortarik izango farmazian jasotzeko.
Duela gutxi, gaixotasunaren inguruan sortzen diren gezurrezko albisteak gezurtatzeko #koronabuloak ekimenaren baitan, eitb.eus-ek antzeko beste albiste faltsu bat ezeztatu zuen. Zabaldu zen informazio oker horren arabera, pentsiodun guztiek doako bi maskara zituzten errezeta elektronikoan.
Bi kasuetan, nahasmendua eragin dezakeen kontu bat dago; izan ere, Katalunian, Valentzian eta Kanarietan, adibidez, tankera horretako kanpainak egiten ari dira, baina EAEn, oraingoz, ez.
#Koronabuloak ekimenaren WhatsApp-en jasotako mezuez gain, Maldita.es webgunearekin ere ari gara elkarlanean, Maldito Bulo atalaren bidez, bai eta VOSTEuskadi Elkartearekin ere. Eva Caballerok Radio Euskadin zuzendu eta aurkezten duen La Mecánica del Caracol dibulgazio-saioaren komunitate zientifikoaren laguntza ere badugu.