Gizartea -

COVID-19

Bilboko konpartsek ez dute Aste Nagusia ospatuko, baina 'Aste Nahasia' antolatu dute

'Aste Nahasia' deitu diote antolatuko duten “ekimen ludiko eta kulturalen egitarau xumeari”, Bilbok Aste Nagusiaren ohiko datetan biziko duen “kontrastez betetako egoera” laburbiltzeko.

Bilboko Konpartsen agerraldia Areatzan. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Bilboko Konpartsen agerraldia Areatzan. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Bilboko Konpartsen agerraldia Areatzan. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Konpartsek ez dute aurten Aste Nagusia ospatuko. Hala ere, gaur Bilboko Areatzan azaldu dutenez, “abuztuaren 22tik aurrera izango da pandemiak eta krisi ekonomikoak jotako Bilbo alaitzeko, entretenitzeko eta kultura eskaintzeko bitartekoa”.

'Aste Nahasia' deitu diote antolatuko duten “ekimen ludiko eta kulturalen egitarau xumeari”, Bilbok Aste Nagusiaren ohiko datetan biziko duen “kontrastez betetako egoera” laburbiltzeko.

Gaur lehenengo ekimena aurkeztu dute: kartel-lehiaketa. Bestalde, konpartsek dei egin dute “zerbitzu publikoak eta jai eta kultur herrikoiak defendatzeko”.

Gaurko datan zen ospatzekoa Konpartsakide Eguna, “Aste Nagusirako motorren beroketari hasiera eman ohi dion konpartsen arteko ospakizuna”, Ainhoa Riveiro eta Iñigo Iglesias Bilboko Konpartsetako bozeramaileek azaldu dutenez. Baina “osasun egoerak eta bizi dugun errealitateak”, ordea, bestelako ekitaldiak antolatzera behartu ditu konpartsak.

Hala, arratsaldean, “Jaiak bultzatzen!” lelopean, jai herrikoien aldeko manifestazioa egin dute, Aste Nagusiko jai-gunearen perimetrotik.

Aurreko egun eta asteotan azaldu dutenez, konpartsek berretsi dute jada datozen hilabete eta urteei begiratzen dietela. Izan ere, ohartarazi dutenez, “beldur gara aurreko krisietan bezala erakundeek oraingo normaltasun berria eta krisi ekonomikoa baliatuko dituzten jai herrikoiei oztopoak ipintzeko: murrizketak, trabak eta debekuak, eredu parte-hartzailearen kontra jotzeko eta arlo horren pribatizazioa sustatzeko, osasungintzan, hezkuntzan eta abarretan gertatu den legez”.

Horregatik, egoera salatu eta herri mugimenduaren alde agertuko dira, Euskal Herriko jai-eragileak elkarlanera deituta, “normaltasun berrian eredu parte-hartzailea zaindu eta defendatzeko”.

Kartel-lehiaketa

Hala, gaurkoan Aste Nahasia horren lehenengo ekimena azaldu dute konpartsek: Aste Nahasia bera iragartzeko kartela lehiaketa baten bidez aukeratuko dute eta izen-emateari hasiera eman diote.

Kartelak honako testua izan beharko du derrigorrez: “BILBO 2020. ASTE NAHASIA. Abuztuaren 22tik aurrera”. Lanak aurkezteko epea uztailaren 30eko 15:00ak arte izango da, posta elektronikoz, honako helbidera: astenahasiakartela@bilbokokonpartsak.eus.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia Bilbo Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Osasun albisteak Bilboko Aste Nagusiko egitaraua Koronabirusa