Gizartea -

Koronabirusa

Tolosan beste hiru positibo zenbatu dituzte eta Zarautzen PCR probak egiten hasi dira

Osakidetzak ehunka test egingo ditu ostirala eta larunbata bitartean Zarautzen. Tolosako Beotibar frontoian, berriz, PCR probak egiteko dispositibo berezia kendu dute jada.

Tolosako Beotibar frontoiko dispositibo berezia kendu egin dute. Argazkia: EFE
Tolosako Beotibar frontoiko dispositibo berezia kendu egin dute.
Tolosako Beotibar frontoiko dispositibo berezia kendu egin dute. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tolosan beste hiru koronabirus kasu antzeman dituzte ostiral honetan. Azken egunetan 631 PCR proba egin dituzte Beotibar frontoian eta horietatik bakarra izan da positiboa.

Gauzak horrela, Osakidetzak frontoian jarri zuen dispositibo berezia kendu egin dutela jakinarazi du Olatz Peon alkateak ohar bidez.

Orain arte jasotako datuekin, transmisio komunitariorik izan ez dela esan du, baina, hala ere, "zuhurtziaz eta arduraz" jokatzeko eskatu die herritarrei, gaur beste hiru kasu baieztatu dituztelako. Guztira, 27 pertsona gaixotu dira covid-19arekin.

Halaber, segurtasun-neurriak zorrozteko eta iturri ofizialek zabaldutako informazioa soilik kontutan hartzeko deia egin du. "Alarma sortzen duten informazio faltsuak ez dira zabaldu behar, azken egunetan gertatu den moduan, horrek herritarren artean urduritasuna eta nahasmena sortzen duelako", ohartarazi du.

Osasun Sailarekin elkarlanean ari direla eta datuak egunez egun aztertzen dituztela esan du, "pandemiaren bilakaera zein den jakiteko".  

Udalerrian jarduera eteteko asmorik ez dutela esan du, "orain arte ezarri diren segurtasun-neurriak betetzen badira behintzat".  

Frontoiko dispositibo berezia kendu badute ere, sintomarik edo zalantzarik izanez gero, osasun zentrora deitzeko gomendioa egin du alkateak.

Test masiboak Zarautzen

Bestalde, Osakidetza ostiral honetako lehen orduan hasi da PCR testak egiten Zarauzko herritarrei. Eguna amaitzerako 850 inguru egingo dituzte. Larunbatean proba gehiago egingo dituzte, eta beharrezkoa balitz, baita igandean ere.

Xabier Txurruka alkateak azaldu duenez, agerraldiaren jatorria joan den asteazkenean eta larunbatean Zarauzko hainbat tabernatan, bereziki malekoian daudenetan, egindako ospakizunekin dago lotuta, egun horietan jendetza bildu baitzen herrian.

Txurrukaren esanetan, pilatu zen jendetzagatik kezkatuta, tabernariek eurek ohartarazi zituzten Udaltzaingoa eta Ertzaintza, eta asteazken gauean bertan agenteek bost lokal itxi zituzten.

"Fokua hor egin zitekeela susmatu eta berehala lokal horietako jabeekin jarri ginen harremanetan eta dagoeneko bi positibo antzeman ditugu", azaldu du. Bi tabernatako langileak dira kutsatutakoak. Udalak bi establezimendu horiek itxi zituen ostegunean eta hala jarraituko dute langile guztiei testak egin eta lokalak desinfektatu arte.

 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa izango da datorren astetik aurrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Tolosa Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Zarautz Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa