Gizartea -

Koronabirusa

Tolosako alkatearen iritziz, udalerrian "ez dago komunitate-kutsatzerik"

Asteazkenean egindako 200 PCR probak negatibo eman dute, eta horren ostean esan du hori Olatz Peonek. Oraingoz, 25 positibo atzeman dituzte; horietako sei, ostegun honetan jakinarazi dituzte.

PCR probak Beotibar frontoian egiten ari dira. Argazkia: EFE.
PCR probak Beotibar frontoian egiten ari dira
PCR probak Beotibar frontoian egiten ari dira. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Olatz Peon Tolosako alkateak ostegun honetan azaldu duenez, "badirudi ez dagoela COVID-19ko komunitate-kutsatzerik" udalerrian; izan ere, asteazkenean egindako 200 PCR probak negatibo eman dute.

Tolosan, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila probak egiten ari da, Beotibar frontoian, modu masiboan. Azken astean, 25 kasu positibo atzeman dituzte; ostegun honetan, sei jakinarazi dituzte.

Peonek prentsaurrekoan esan duenez, Tolosan atzemandako positibo berriek Ordiziako fokuan atzemandako kutsadurekin "lotutako kasuak" izaten jarraitzen dute.

Osasun Sailak, asteazkenean, eskatu zien Elorri tabernan uztailaren 10etik 15ra artean egon diren herritar guztiei probak egiteko, lokal horrekin lotutako berragertze berria egoteko aukera ikertzeko. Taberna Lekuona Margolariaren kalean dago.

800 PCR proba, egunero

Komunitate-kutsatzea saihesteko, Osasun Sailak aurreikusita du egunero 800 PCR proba egitea, frontoian dauden karpetan, hurrengo egunetan, alkateak azaldu duenez.

Peonek, halaber, gogora ekarri ditu zein neurri murriztaile onartu dituen Eusko Jaurlaritzak Tolosan, Zarautzen eta Eibarren ezartzeko; ostalaritzan, edukiera % 50era murriztu dute, ordutegia 23:30era arte izango da mugatuta, eta barran ezin izango da kontsumitu.

Tolosak, gainera, gimnasioak eta gazteen lokalak itxiko ditu; auzolandegiek aurrera jarraituko dute, eta aisialdiko jarduerak zainduko ditu.

Kultura-jarduerak bertan behera utzi dituzte; azokak, aldiz, jarraituko du, segurtasun- eta garbitasun-neurriekin, baina postuak Triangulo plazara eramango dituzte.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa izango da abuztuaren 1etik.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Tolosako berriak EAE Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Koronabirusa olatu berria