Gizartea -
ESPIOITZA
Torrentek eta Maragallek auzitara eramango dute CNIko zuzendariordea espioitzagatik
Espioitza programa ezagutzen ez ziren segurtasun akatsez baliatzen da, eta egindakoak arakatzea zailtzen zuten propietateak erabiltzen zituen ezkutatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak eta Ernest Maragall ERCko diputatuak kereila jarriko dute Felix Sanz 2019an Inteligentzia Zentro Nazionaleko (CNI) zuzendaria zenaren aurka. Ustez, Sanzek politikari katalanen sakelako telefonoak zelatatu zituen Israelgo konpainia batek garatutako “Pegasus” programaren bidez.
ERCk ohar baten bidez iragarri duenez, espioitza informatikoa eta baimenik gabeko intrusioa egotziko dizkiote Sanzi. Intimitatearen aurkako delituak dira biak, espetxe-zigorrekin zigortuta daude, eta, funtzionario publikoek eginez gero, zigorrak gogorragoak izaten dira.
Hasiera batean, Torrentek eta Maragallek Sanzen aurka zuzenduko dute kereila, ustez espiatzeko softwarearen biktima izan ziren garaian CNIko arduradun nagusia izateagatik. Hala ere, ez dute salaketa zabaltzea baztertzen, ikerketak amaitu ostean beste pertsona batzuk ere operazioan inplikatuta izan zirela argitzen bada.
Andreu Van Den Eynde abokatuak idatzitako salaketak azaltzen duenez, Torrent eta Maragall espiatzeko erabiltzen den softwarea gobernuen inteligentzia agentzien esku dago. Halaber, kasua argitu duten kazetarien arabera, NSOko langile ohi batek Espainia 2015etik "Pegasus" programa garatu zen enpresako bezeroa izan da.
Gainera, El País egunkariak ostegun honetan jakinarazi duenez, Espainiako zerbitzu sekretuek oraindik ere erabiltzen dute "Pegasus" espioitza programa.
Kereilak CNIko zuzendari ohia identifikatzen du zentroko funtzionarioen arduradun nagusi bezala. Horregatik, Sanzen ardura litzateke zaintzea bere langileen jarduerak legearekin bat datozela eta komunikazio sekretuen gaineko edozein esku-hartzek baimen judiziala dutela.
Kereila-jartzaileek gogorarazi dutenez, CNIren jarduera Parlamentuaren kontrolpean dago, eta kontrol judiziala izan behar dute ikerketek etxeko bortxaezintasuna edo komunikazioen sekretua urratzea badakarte. Aitzitik, zentroa arautzen duen legearen arabera, egindako ekintzek ezin dute immunitaterik izan.
Kanadako Citizen Lab erakundeak ondorioztatu duenez, "Pegasus" programa 1.400 pertsonaren mugikorra espiatzeko erabili zuten. Salaketaren arabera, gutxienez ehun pertsona (Torrent eta Maragall tartean) "gehiegikeriaz eta justifikaziorik gabe" zelatatu dituzte, softwareak biktimaren telefonoa "erabat" monitorizatzea ahalbidetzen duelako.
Espioitza programa ezagutzen ez ziren segurtasun akatsez baliatzen da, eta egindakoak arakatzea zailtzen zuten propietateak erabiltzen zituen ezkutatzeko. Ondorioz, kereila-jartzaileek ez dakite zer informazio espiatu eta zein komunikazio atzeman duten.
WhatsAppek Ameriketako Estatu Batuetan NSO Groupen aurkako salaketa bat aurkeztu duela gogorarazi ostean, kereilak azpimarratu du Citizen Labek egiaztatu egin duela Torrentek eta Maragallek espioitza jasan zutela. Horrekin batera, "herritarren sektore jakin batzuei zuzendutako espioitza" dagoela gogorarazi dute. "Gehienbat disidentzia politikoa, kazetaritza kritikoa, aktibismoa eta abar" zelatatzen dituzte.