Gizartea -

Koronabirusa

Zarauzko Talai Mendi kanpina berriro ireki dute agerraldirik ez dagoela berretsita

Egindako PCR probetatik bik bakarrik eman dute positibo, eta gaixoak jada isolatuta daude. Horrenbestez, agerraldi bat dagoela baztertu du Osasun Sailak.

Zarauzko Talai Mendi kanpina. Argazkia: EFE
Zarauzko Talai Mendi kanpina.
Bi positibo baieztatu dituzte Zarauzko kanpinean, eta fokurik ez dagoela dio alkateak

2:3

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zarauzko Talai Mendi kanpinak ateak berriro ireki ditu, osasun agintariek instalazioarekin lotutako foku bat dagoela baztertu ostean. Egin diren PCR proben emaitzen artean, bik bakarrik eman dute positibo, eta pazienteak jada isolatuta daude.

Kanpineko Enpresaburuen Espainiako Federazioak (FEEC) adierazi duenez, osasun agintariek bezeroei eta gainerako langileei murrizketak kendu dizkiete, eta ezezkoa eman dute. "Beraz, kanpinaren barruan zein kanpoalderantz askatasun osoz mugi daitezke jada".

Lau positibo atzeman dituzte

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak iragarri du gaur beste bi positibo baieztatu dituztela Zarauzko Talai Mendi kanpinean. Atzo itxi egin zuten, bi bezero ohik covid-19an positibo eman ostean.

Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen kanpina ixtea positiboen berri izan eta gero, eta barruan zeuden 250 bezeroei PCR probak egiteko agindua eman zuen.

Kanpinean egondako herritar batek positibo eman zuen, eta, ondorioz, horri jarraipena eginez, bi positibo atzeman zituzten erabiltzaileen artean. 

Atzo hasi ziren 250 bezeroei eta langileei probak egiten, eta gaur jakin da bik, gutxienez, positibo eman dutela, bezero batek eta kanpineko kafetegiko langile batek.

Negatibo eman dutenak, berriz, etxera itzultzen edo oporraldia beste leku batean jarraitzeko asmoarekin irten dira kanpinetik.

Ez dago agerraldi aktiborik

Bestalde, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak baztertu egin du herrian agerraldi aktiborik dagoenik.

Onda Vasca irratian azaldu duenez, atzo arratsaldean Osakidetza harremanetan jarri zen Udalarekin, kasuen jarraipenetan "aurreko astean kanpinean gaua eman zuten bi pertsonak positibo eman zutela" jakinarazteko.

Hori dela eta, "ziztu bizian", baheketa bat egiteko dispositibo bat jarri zuten martxan Talai Mendi kanpinean, alkateak adierazi duenez.

Txurrukak espero du gaur goizean zehar izatea proben emaitzak, eta gogorarazi du kanpineko bezeroei, behin testa eginda, non dauden jakinarazteko eskatu zaiela, "baina ez daude konfinatuta".

"Nahi izan dutenei euren etxeetara itzultzeko esan zaie, baldin eta berrogeialdia gordetzeko konpromisoa hartzen badute" proben emaitzak izan arte, adierazi du.

Alkatearen hitzetan, kanpin hori bereziki gazteen artean da ospetsua; ez horrenbeste, aldiz, beste toki batzuetatik iritsitako bezeroengatik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" derrigorrezkoa izango da abuztuaren 1etik.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak argazkiak Zarautz Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Koronabirusa olatu berria