Gizartea -

Zibererasoak

Ospetsuen Twitterreko kontuak pirateatu dituzte kriptodirudun iruzurrak egiteko

Pirateatutako kontuek antzeko txioak argitaratu dituzte bitcoin bidezko dohaintzak eskatuz. Izoztutako kontu gehienak martxan daude berriro.

Bill Gates eta Barack Obama bezalako pertsona ezagunen kontuak hackeatu dituzte. Irudia: pexels.com
Bill Gates eta Barack Obama bezalako pertsona ezagunen kontuak hackeatu dituzte
Bill Gates eta Barack Obama bezalako pertsona ezagunen kontuak hackeatu dituzte. Irudia: pexels.com

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bill Gates, Barack Obama, Kanye West, Joe Biden eta Elon Musk-ek Twitter sare sozialean dituzten kontuak pirateatu dituzte kriptodiruarekin iruzur egiteko.

Kontu pirateatuak (Kim Kardashian, Warren Buffet, Jeff Bezos edo Mike Bloomberg-en kontuak tartean) antzeko txioak argitaratu dituzte bitcoin bidezko dohaintzak eskatuz. "Itzultzeko eskatzen ari zaizkit denak, eta orain da unea", zioen Gatesen mezuak, CNN telebista kateak bildutakoak. Bitcoin helbide batean ordainketak bikoiztuko zituela agintzen zuen txioak. "1.000 dolar bidaltzen badizkidazu, 2.000 itzuliko dizkizut", zioen mezuak.

Bestalde, Twitterreko euskarri teknikoko kontuak sare sozialean zabaldu duenez, konpainiak "badu Twitterreko kontuei eragiten dien segurtasun gorabehera baten berri". "Ikertzen ari gara, eta hori konpontzeko neurriak hartzen. Laster eguneratuko dugu", gaineratu du.

Hala, erasoa hasi eta gutxira, konpainiak Twitterren egiaztatutako kontuen mezuak partekatzeko gaitasuna murriztu du. "Litekeena da txiokatu edo zure pasahitza berrezartzerik ez izatea gertakaria aztertzen dugun bitartean", adierazi du Twitterrek beste mezu batean.

Hala ere, jarduera izoztuta ikusi duten kontu gehienak martxan daude berriro.

"Konponbide bat emateko lanean jarraitzen dugun bitartean, funtzionalitate hori joan eta etorri egin daiteke", ohartarazi du, eta, aldi berean, konpainiak "gauzak ahalik eta azkarren normaltasunera itzultzeko lanean" ari dela esan du.

Pirateatu diren kontu kopuruari begiratuta, Twitterren historiako segurtasun gorabehera handiena izan da herritarren, komunikabideen eta baita mundu mailako liderren artean ere zabalduta dagoen sare sozialean. Iaz, Jack Dorsey Twitterreko zuzendari exekutiboaren kontua ere pirateatu zuten.

Gertakariak FBIren arreta erakarri du, eta San Frantziskoko bulegoak jakinarazi du baduela horren berri. Aipatutako hedabideak jasotako ohar baten arabera, "badirudi kontuak konprometituak izan direla kriptodiruaren iruzurra betikotzeko". Hala, "iruzur horren biktima" ez izateko, dirurik ez bidaltzeko eskatu diete erabiltzaileei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Twitter Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jende ospetsua Zibererasoak Internet