Gizartea -

Koronabirusa

Urkullu eta Chivite covid-19ak utzitako biktimen omenaldian izan dira gaur Madrilen

Covid-19aren ondorioz Espainian hildako ia 30.000 pertsonak gogoratu dituzte bertan. Hain zuzen ere, 35 minutuko iraupena izan du eta 400 pertsona inguru bildu ditu.

Koronabirusak eragindako pandemiaren biktimen omenezko ekitaldia, Madrilen. Argazkia: EFE
Koronabirusak eragindako pandemiaren biktimen omenezko ekitaldia, Madrilen.
Urkullu eta Chivite COVID-19aren biktimen omenaldian izan dira Madrilen

2:03

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eragindako pandemiaren biktimei eta gaitzari aurre egiteko helburuarekin lehen lerroan lan egiten duten kolektiboei omenaldia egin die gaur, osteguna, Espainiako Estatuak. Felipe VI.a Espainiako erregea buru izan duen ekitaldi horretan nazioarteko erakunde, alderdi eta gonbidatuen ordezkariak izan dira.

Zehazki, Errege Jauregiko armadako patioa izan da zeremonia zibil hori hartu duena, eta covid-19aren ondorioz Espainian hildako ia 30.000 pertsonak gogoratu dituzte bertan.

Hala, Koalizio-gobernuko kide guztiak 09:00etan hasi den ekitaldian izan dira, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea buru zutela. Hain zuzen ere, 35 minutuko iraupena izan du eta 400 pertsona inguru bildu ditu.

Horien artean, erakunde nagusietako eta autonomia erkidegoetako presidenteak, tartean Iñigo Urkullu lehendakaria, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea eta Quim Torra Generalitateko presidentea.

Horiei Europar Batasuneko arduradun nagusiak gehitu zaizkie: Charles Michel Europako Kontseiluko presidentea, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, David Sassoli Europako Parlamentuko presidentea eta Josep Borrell Kanpo Politika eta Segurtasunerako goi ordezkaria.

Halaber, Zurab Pololikashvili Munduko Turismo Erakundeko idazkari nagusia, Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundeko (MOE) zuzendari nagusia eta Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia ere Madrilen izan dira.

Horrez gain, Kongresuan ordezkatutako alderdi politikoetako buruzagiak (Vox ez da ekitaldira joan Espainiako Gobernuak pandemiari buruz esandako "gezurrengatik") eta Espainiako Gobernuko presidente ohiak (Felipe Gonzalez izan ezik, ezinezkoa izan baitzaio bertaratzea) ere joan dira.

Felipe VI.a erregeak, Letizia erregina eta bere bi alabak, Leonor printzesa eta Sofia infanta, izan ditu lagun ekitaldian. Haren hitzaldiaz gain, soilik bi pertsona gehiagok hartu dute hitza: koronabirusak hildako kazetari baten anaiak (biktimen izenean) eta osasun arloko langile batek (pandemiari aurre egiteko lan egin duten oinarrizko kolektiboen izenean).

Bizia galdu dutenen oroimenez, sugar bat duen pebetero bat kokatu dute Errege Jauregiko armadako patioaren erdian, eta gonbidatuak horren inguruan egindako borobilean eseri dira, betiere gutxieneko segurtasun-distantziak mantenduz.

Felipe VI.ak eta ekitaldian hitza hartu duten beste bi lagunek lore-eskaintza egin dute, eta keinu hori Espainiako Gobernuko kideek eta agintariek errepikatu dute, horietako bakoitzak herritar bat ondoan izan duela.

Omenaldia minutu bateko isilunearekin amaitu da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak izango dira EAEn uztailaren 16tik, eta Nafarroan, uztailaren 17tik. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" izango da derrigorrezkoa abuztuaren 1etik.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Espainiako Felipe VI.a Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak María Chivite Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Munduko Osasun Erakundea