Gizartea -
Koronabirusa
Zarauzko kanpin bat konfinatuta, 250 bezero barruan daudela, COVID-19ko bi kasugatik
Talai Mendi kanpina da. Osasun Saila PCR probak ari zaizkie egiten barruan dauden 250 lagunei.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Zarauzko Talai Mendi kanpina itxi du, COVID-19ko bi kasu atzemanda, eta PCR probak egiten ari zaizkie barruan dauden 250 bezeroei.
EFEri Zarauzko alkate Xabier Txurrukak esan dionez, bezeroek (gehienak oso gazteak dira, batzuk adingabeak ere) ez dute zertan izango konfinatuta geratu; PCRa eginda, etxeetara bueltatuko dira, baina sinatu behar dute konpromiso bat egiaztatzeko etxean izango direla, bakartuta, proben emaitza izan arte.
Osasun Sailak Zarauzko kanpin honetako erabiltzaile guztiei probak egitea erabaki du; izan ere, kanpinean egondako herritar batek positibo eman zuen, eta, ondorioz, horri jarraipena eginez, bi positibo atzeman zituzten erabiltzaileen artean.
Asteazken honetan, Zarauzko Udaltzaingoa eta Ertzaintza kanpinerako sarbideak ari dira zaintzen, baimenik ez duen inor ez sartu edo irteteko. Barruan, hainbat osasun-langile daude, eta probak egiten ari dira; arratsaldean zehar amaituko dira egiten, Txurrukak esan duenez.
Alkatearen hizetan, kanpin hori bereziki gazteen artean da ospetsua; ez horrenbeste, aldiz, beste toki batzuetatik iritsitako bezeroengatik.