Gizartea -
ERRESKATEA
Gordexolako mendi batean galdutako gizon bat helikopteroz erreskatatu dute
Gizona Soduperaino eraman dute, eta bertan senide batekin elkartu da, ez du osasun arretarik behar izan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak 48 urteko gizon bat erreskatatu zuen atzo helikopteroz Bizkaian, Gordexolako mendi inguru batean galduta zebilelako; hala ere, ez zuen osasun arretarik behar izan, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Larrialdi zerbitzuari 16:00ak aldera jakinarazi zioten Sodupe aldean ibilaldi bat egiten ari zen gizon bat galduta zebilela, eta inplikatuak berak esan zien moduan, ezin zuen aurrera egin, sastrakaz inguratuta zegoelako. Gainera, nekatuta zegoen eta urradurak zituen.
Gizona Gordexolako Urtiaga auzoko inguru malkartsu eta itxi batean zegoela egiaztatu, eta lurretik harengana iristeko zailtasunak ikusita, Ertzaintzak Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendiko Taldeko kideak bidali zituen bertara, hura erreskatatzera.
Helikopterora jaso ondoren, Sodupera eraman zuten, eta senide batekin elkartu zen bertan, baina ez zuen osasun arretarik behar izan.