Gizartea -
Epaiketa
Montanok jesuiten hilketa "xehetasunez prestatu" zuela esan du Fiskaltzak
Gaur amaituko da Ellacuria eta beste lau jesuiten hilketak argitzeko Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketa, akusazioen eta Montanoren abokatuen txostenekin.
Agentziak | Erredakzioa
1989an bost jesuiten hilketak "xehetasunez planifikatu eta agindu" izana leporatu dio astearte honetan Fiskaltzak Inocente Montano El Salvadorreko koronel eta Defentsa ministrorde ohiari. Fiskaltzaren esanetan, "jesuitak militarren gorrotoaren jomuga izan ziren beti".
Epaimahaiak Fiskaltzaren azken argudioak entzun ditu astearte honetan, bost jesuiten hilketak argitzeko Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketan. Ildo horretatik, Fiskaltzak Montano zigortzeko eskatu du, "sarraskian zuzenean parte hartu zuela argi eta garbi egiaztatuta geratu delako".
"Ezin dugu beste ondorio bat atera: Montanok, Poncek, Zepedak, Bustillok eta Elenak hartu zuten erabakia, eta jesuitak hiltzea agindu zuten, eta lekukorik ez uztea; etxeko langilea eta haren alaba, hain zuzen", adierazi du Fiskaltzak, eta bost jesuiten hilketaren "erabateko egiletza" egotzi die.
"Legez kanpoko egitura paralelo batek El Salvadorren burututako hilketa terroristak izan ziren", esan du fiskal nagusiak, La Tandona taldeko kideek osatutako legez kanpoko erakundeari aipamen eginez. "Azken urteetan El Salvadorren izandako militar talderik ustelena" izan zela gaineratu du Fiskaltzak.
Testuinguru horretan, El Salvadorren izan zen Gerra Zibilean herrialdea zuzendu zuen agintari militarren talde horretako "arduradunetako bat" Montano bera izan zela esan du Fiskaltzak, "eta ez administrazio lanak egin zituen ministrorde soil bat, bere agindupean zeuden tropek eta Poliziak egindako Giza Eskubideen urraketen mila kasuek horrela egiaztatzen duten bezala".
"30 urte geroago, gerrillari eta terroristatzat jotzen zituen jesuitekiko zuen gorrotoa agerian jarraitzen du", nabarmendu du Fiskaltzak, eta azaldu du gerrari amaiera emateko unea izan zela haien aurka egiteko une erabakigarriena, Gobernuaren eta Frontearen arteko adostasuna lortzetik gertu zegoela.
Fiskal nagusiak adierazi duenez, "Ellacuria bi aldeen arteko bitartekaria izan zen", baina balizko negoziazio hori "ez zitzaion batere gustatu La Tandonari, denbora luzez ezarritako boterea arriskuan ikusi baitzuten". Hori dela eta, "alde bakarrez elkarrizketak amaitzea erabaki zuten, Ellacuria desagerraraziz boterean jarraituko zutela eta giza eskubideen aurkako bortxaketak zigorgabetasunez egingo zituztela pentsatuz".
Gaur, asteazkena, amaituko da epaiketa, akusazioen eta Montanoren abokatuen txostenekin. Koronel eta Defentsa ministrorde ohia zigortuz gero, "premia-egoeragatik, indar gaindiezinagatik eta beldur gaindiezinagatik" aske uztea eskatuko du Montanoren defentsak, inputatu bakarra erantzukizun penaletatik salbuesteko. Montanok azken hitza esan ondoren, epaiketa epaiaren zain geratuko da.