Gizartea -

Koronabirusa

Segurtasun neurriak zorroztuko dituzte Lleidan eta L'Hospitalet de Llobregaten

Azken orduetan, 745 positibo antzeman dituzte Katalunian, horietatik 197 Lleidan eta 151 Segria eskualdean.

Maskara daraman gizon bat Lleidako kale huts bat zeharkatzen. Argazkia: EFE
Maskara daraman gizon bat Lleidako kale huts bat zeharkatzen.
Maskara daraman gizon bat Lleidako kale huts bat zeharkatzen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Gobernuak segurtasun neurriak zorroztu ditu Lleidan eta Segria eskualdean, koronabirusaren  agerraldiaren ondorioz. Halaber, L'Hospitalet de Llobregateko (Bartzelona) hiru auzotan ere lehendabiziko neurriak hartzen hasi dira, gero eta kasu positibo gehiago izaten ari direlako.  

Generalitateak astelehen gauean onartu zuen dekretu berria. Ez du konfinamendua ezarri, baina etxetik ez irteteko gomendioa egiten die herritarrei.

Lleidako epaile batek ez zuen erabakia berretsi, baina, hala ere, Kataluniako Gobernuak dekretua onartu eta gaur gauerdian sartuko da indarrean.

Meritxell Budo bozeramaileak azaldu duenez, "ez da erabateko konfinamendurik izango, baina lehengora bueltatu beharko gara eta ezingo gara tabernetara joan, ezingo dugu hamar pertsonatik gorako taldeetan egon eta kirola bakarka egin beharko da".

Gauzak horrela, etxera eramateko janaria eta edaria saltzeko soilik ireki ahalko dira tabernak eta jatetxeak, eta dendetara joateko hitzordua hartu beharko da.

Gainera, igerilekuak, gimnasioak, parkeak eta lokal kulturalak –liburutegiak eta museoak izan ezik- itxita egongo dira.

Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak esan du Generalitateak jarduerak eta herritarren mugimendua murrizteko onartu duen dekretuak ez ditu Estatuaren eskumenak urratzen, eta agerraldien aurrean "azkar eta irmotasunez" erantzutearen alde egin du.

Azken orduetan, 745 positibo antzeman dituzte Katalunian, horietako 197 Lleidan eta 151 Segria eskualdean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Bartzelona Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa