Gizartea -
Eraso sexistak
Emakundek, aldundiek eta Eudelek eraso sexisten aurkako kanpaina abiatu dute
Sentsibilizazio materiala zabalduko dute, "errespetuan, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarrerak eta portaerak" sustatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) udalen esku jarri dute 'Eraso sexistarik gabeko uda' kanpaina Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eta Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak. 'Beldur Barik' programaren barruko kanpainaren helburua da eraso sexistak prebenitzea.
Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, orain arte udako jaietako eraso sexistak prebenitzeko kanpaina egin izan dute sasoi honetan, baina covid-19aren pandemiak eragindako egoera berezia ikusita, aurtengo kanpaina ez da jaietan oinarritu, udan baizik, "era orokor batean".
'Beldur Barik' programaren barruan zenbait material eskaini zaizkie udalei, hala nola kartel bat eta eraso sexistak prebenitzeko gida bat, herritarrak sentsibilizatzeko helburuarekin. Zehazki, udal bakoitzaren logoarekin, kartel pertsonalizatu bat egin dute, eta eskuratu nahi duenak Emakunderen webgunetik jaitsi beharko du. Era berean, materialen banaketa osatzeko, iragarki bat jarriko dute EiTBko irratietan.
Indarkeriaren kontrako irudi bateratu bat bilatzeaz gain, herrietan gazteekin lan-prozesu ezberdinak sortzen joatea lortu nahi da, aisialdi-giroetan izan daitekeen biolentzia sexuala antzemateko, prebenitzeko eta aurre egiteko, banakako zein taldeko erantzunak garatu ahal izateko.
Kanpaina bultzatzen duten erakundeek "errespetuan, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarrera aktiboa" eskatu dute emakumeak errespetatzen ez duten edozein adierazpen fisikoren edo hitzezkoren kontra. Gazteei, zehazki, eta hiritar guztiei, oro har, dei egin diete "euren inplikazio eta jarrera aktiboarekin udan jarrera sexistarik gabeko espazioak sortzen laguntzeko".