Gizartea -

KORONABIRUSA

COVID-19 kasuak 69ra igo dira Ordiziako agerraldian

Azken 24 orduetan EAEk ez du hildakorik izan, baina 31 positibo antzeman dituzte PCR probetan. Nafarroak 18 positibo berri izan ditu.

Jendea kola egiten koronabirus probetarako Ordizian. Irudia: EFE
Jendea kola egiten koronabirus probetarako Ordizian
11 positibo gehiago atzeman dituzte Ordiziako agerraldian

1:19

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ordiziako fokuan (Gizpuzkoa) koronabirusaz kutsatutako pertsonak 69 dira dagoeneko, eta horietatik erdiak baino gehiago udalerri horretan bizi dira, Nekane Murga Osasun sailburuak azaldu duenez.

Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, Murgak azaldu du Ordizian jarritako karpetan 2.573 PCR proba egin dituztela astelehenaz geroztik, eta horietan 44 positibo antzeman dituztela data horretatik aurrera. Foku horrekin zerikusia duen pertsonetako bat Bizkaikoa da.

Eusko Jaurlaritzak maskara nahitaez erabili behar dela agindu du Ordiziako espazio publiko guztietan, baita kaleetan eta kanpoko guneetan ere, Gipuzkoako herri horretan hautemandako koronabirus fokua dela eta.

Gainera, ostalaritzako establezimenduek ezingo dute edukieraren % 50 gainditu lokal barruan kontsumitzeko, ezingo da barran kontsumitu eta bezeroek eserita egon beharko dute. Terrazetan, pertsonen (etxebizitza berean bizi ez badira) eta mahaien artean gutxienez izan beharreko distantzia 1,5 metrokoa izango da.

Gasteizen atzemandako fokuari dagokionez, Osasun sailburuak adierazi du lotura familiarra eta kontaktu estua dagoela kutsatutakoen artean, eta, beraz, ez dagoela transmisio komunitariorik. Positiboetako bat beste pertsona batzuekin harremanetan egon zen gimnasio baten inguruko jarduketak aztertzen ari dira. Hartu beharreko neurriak baloratzen ari dira, baina gimnasioa zabalik dago oraindik.

EAEk ez du hildakorik izan, baina 31 positibo antzeman dituzte PCR probetan.

Koronabirusaren pandemiak ez du hildakorik utzi azken orduetan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta, ondorioz, 1.621 dira hildakoak, eta PCR frogen bidez 31 positibo berri baieztatu dira, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiral honetan argitaratutako datuen arabera.

3.966 detekzio proba egin zituzten atzo: 3.448 PCR eta 518 test azkar, garai bateko kasuak azal ditzaketenak. Zehazki, Gipuzkoan 18 positibo baieztatu dira, 8 Bizkaian eta 5 Araban.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, 6 lagunek jarraitzen dute ZIUn.

EAEn, R0 indizea, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, 1,86koa da. Atzo, 1,8koa zen indize hori; joan den astean, berriz, 0,85ekoa.

 Zortzi positibo berrik 31ra igo dituzte kasuak Tuteran

Ezkontza baten ondorioz Tuteran antzemandako COVID-1a9ren agerraldiak zortzi kasu berri ditu, eta, beraz, 31 dira baieztatutako positiboak, Santos Indurain Osasun sailburuak jakitera eman duenez.

Tuterako Reina Sofia ospitalean egindako adierazpenetan eman ditu datu horiek sailburuak, osasun arloko langileekin bilera egin ostean.

Baliteke kasuen kopuruak gora egitea datozen orduetan, egun osoan probak egiten jarraitzen baitute, sailburuak gaineratu duenez.

Agerraldi horrez gain, Nafarroako Gobernuak ostegun honetan jakinarazi du beste agerraldi bat dagoela Iruñean, eta ostiral honetan sei pertsona kutsatu direla.

Atzo, gainera, bi gune horiek alde batera utzita, eta 24 orduko tarte ezaguna kontuan hartuta, Osasun Ministerioak 9 kasu berri zenbatu dituzte Nafarroan.

Ospitaleratzeei dagokienez, Foru Gobernuak emandako datuen arabera, 14 dira oraindik ospitaleko gela arruntetan ingresatutako pertsonak, eta bat zainketa intentsiboetako unitatean.

333 pertsona kutsatu dira Espainian azken 24 orduetan

Osasun Ministerioak 333 kutsatze berri jakinarazi ditu azken 24 orduetan, horietako 81 Katalunian eta 68 Aragonen, eta 253.908 kasu zenbatu dituzte guztira (atzora arte baino 852 gehiago, orduan 253.056 izan baitziren).

Osasun Ministerioren datuen arabera, beste bi heriotza izan dira azken 24 orduetan, guztira 28.403 hildako, eta azken zazpi egunetan 10 izan dira.

Gainera, azken 24 orduetan egindako PCR probek 32 kasu berri baieztatu dituzte Andaluzian, 30 Madrilen, 26 Nafarroan, 25 Extremaduran, 20 Galizian, 17 Valentzian, 13 Gaztela-Mantxan, 11 Euskal Autonomia Erkidegoan, 4 Gaztela Leonen, 3 Murtzian eta 1 Asturiasen, Kanarietan eta Errioxan, hurrenez hurren.

Salvador Illak zuzentzen duen Ministerioak jakinarazi duenez, 2.944 COVID diagnostiko berri egin dituzte azken 7 egunetan, eta horietatik 530ek sintomak hasi dituzte.

Europan, gaur arte, gutxienez 2.756.552 kasu jakinarazi dituzte, Errusia buru, 713.936 kutsadurarekin; ondoren, Erresuma Batua (287.621), Espainia (253.908), Italia (242.363) eta Turkia (209.962) daude.

Hildako gehien izan dituzten herrialdeak Erresuma Batua (44.602), Italia (34.926), Frantzia (29.979) eta Espainia (28.403) dira.

Mundu mailan, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, gutxienez 11.841.326 kasu eta 544.739 hildako izan dira.

Estatu Batuak lehen postuan daude, 2.982.900 kutsaturekin; Brasilek 1.713.160 ditu eta Indiak, 767.296.

*

Gaurko txostenak aldaketa bat jasotzen du sendatutako pertsonen kopurua jakinarazteko moduan. Batetik, test negatiboa duten pertsonen kopurua bereizten da (PCR bidez positibo eman ondoren, azkenean negatibo eman dute), eta, bestetik, ospitalean alta jaso dutenen kopurua. Osasun Sailak uste du modu hori zehatzagoa dela; izan ere, baliteke, adibidez, ospitalean alta eman zaien pertsonak egotea, eta haien PCRak positibo izaten jarraitzea, baina ez dute ospitaleratuta egon behar.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako txostena hainbat profesionalek egiten dute, eta informazioa lantzeko prozesuaren fase ezberdinetan beharrezko diren analisiez arduratzen da bakoitza. Hala, zabaldutako informazioa etengabe berrikusten da, eta zuzenketa txikiak egiten dira egunero.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak nahitaezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Ordizia Albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Deseskalatzea