Gizartea -
Bizkaia
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, beste gizon bati labanaz eraso egitea egotzita
Gertakaria atzo jazo zen, San Frantzisko auzoan. Atxilotua ertzain-etxera eraman zuten, baina epailearen esku utziko dute izapideak amaitutakoan.
eitb.eus
Ertzaintzak 49 urteko gizon bat atxilotu du Bilbon, San Frantzisko auzoan izandako borroka batean beste bati labana batekin eraso egitea leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Gertakaria atzo, osteguna, jazo zen, 19:55 aldera. Ordu horretan, hainbat lekukok Ertzaintzari deitu zioten, kalean borroka bat izan zela esanez. Hala, Ertzaintzaren hainbat patruila bertaratu ziren, eta besoan eta bizkarrean arma zuriz egindako zauriak zituen gizon bat ikusi zuten.
Biktimarengana hurbildu ziren, baina gizonak ez zien ertzainen galderei erantzun, eta ez zuen bertaratu ziren osasun arloko langileen arreta jaso nahi izan. Segurtasun Sailak azaldu duenez, osasun-zentro batera bere kabuz joatea erabaki zuen.
Lekukoek jakinarazi zieten agenteei erasotzailea handik gertu eserita zegoen gizon bat izan zela.
Ertzainek susmagarria identifikatu eta atxilotu zuten, ondoan zuen motxila batean erasoan erabilitako labana aurkitu ondoren.
Ustezko erasotzailea ertzain-etxera eraman zuten, eta epailearen esku utziko dute izapideak amaitzen dituztenean.