Gizartea -
Koronabirusa
Ordiziako Udaltzaingoak 11 isun jarri ditu maskara ez eramateagatik
Zigor guztiak maskararik gabe autoan zihoazenentzat izan dira. Guztira, 58 positibo zenbatu dituzte, horietatik erdiak udalerrian bizi dira.
Agentziak | Erredakzioa
Ordiziako Udaltzaingoak 11 isun jarri ditu ostegun honetan maskara ez eramateagatik, segurtasun tartea bete ala ez, babes elementu hori eramateko beharra indarrean sartu den lehen egunean.
Udalerri horretako Udalak jakinarazi duenez, gaur arte 11 isun jarri dizkiete autoz maskararik gabe bidaiatzen ari zirenei, eta, guztira, 58 positibo zenbatu dituzte, horietatik erdiak udalerrian bizi dira.
EH Bilduk zuzentzen duen Udalak gogorarazi duenez, maskarak erabiltzea derrigorrezkoa da eta "oinezkoei ere zigorrak ezarriko zaizkie". "Guztiok arduraz joka dezagun", gaineratu du Udalak.
Agerraldi hori herriko gaueko aisialdiko kale baten inguruan detektatu zen joan den asteburuan, eta, horren ondorioz, Osasun Sailak murrizketak ezarri ditu herri horretan; besteak beste, etxetik irtetean maskara eraman behar izatea uneoro, eta ostalaritzako edukiera murriztea.