Gizartea -
Koronabirusa
Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da Ordiziako eremu publikoetan
Halaber, Eusko Jaurlaritzak murrizketak ezarri ditu ostalaritza eta aisialdi establezimenduetan. Ordiziako agerraldiarekin lotuta, 48 kasu positibo izan dira jada.
eitb.eus
Kalean eta erabilera publikoko gune itxietan maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izango da Ordizian. Gainera, Eusko Jaurlaritzak aisialdia mugatu du koronabirusen agerraldia kontrolatzeko, 48 kutsatu baitaude dagoeneko.
Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agindu bat sinatu du, COVID-19aren hedapena saihesteko neurriak ezartzen dituena. Ordizian baino ez dira aplikatuko, ez inguruko herrietan, orain arte ez baita "transmisio esanguratsurik" aurkitu.
Maskara nahitaez erabiltzea ezartzen da, balbularik gabe, "uneoro" bide publikoan, aire zabaleko guneetan eta erabilera publikoko espazio itxietan edo jendearentzat irekita dauden guneetan. Aginduan gogorarazten da erabilera horrek "egokia" izan beharko duela, eta sudurra eta ahoa estali beharko dituela.
Tabernek, jatetxeek, txokoek eta elkarte gastronomikoek ezin izango dute lokalaren barruan kontsumitzeko edukieraren % 50 gainditu, eta debekatuta dago barran kontsumitzea. Aire zabaleko terrazetan metro eta erdiko distantzia bermatu beharko da mahai eta pertsonen artean, mahai bakoitzeko gehienez hamar kontsumitzaile hartuz.
Establezimendu horiek guztiak 23:30ak baino lehen itxi beharko dituzte, eta gehienez 30 minutuko denbora izango dute husteko.
Horrez gain, gazteen lonjetan eta antzeko lokaletan jarduera oro debekatu du Osasun Sailak; diskoteketan eta gaueko aisialdirako beste lokal batzuetan, berriz, terrazak aire zabalean bakarrik ireki ahal izango dira, edukieraren muga erdia izanik, ehun pertsonako mugarekin eta beste establezimenduen itxiera-ordu berarekin.
Halaber, kasinoen, joko-establezimenduen, bingoen eta jolas-aretoen jarduera edukieraren % 50era mugatzen da, eta gehienez ere 100 pertsonara aire zabaleko espazioetan eta 50 pertsonara itxietan.
Agerraldian Murgak azaldu duenez, gainera, Ordizian bertan behera geratzen dira jaiak, berbenak eta bestelako ekitaldi herrikoiak, agerraldia kontrolatzen saiatzeko neurri gisa. Neurri horiek guztiak 8 egun barru berrikusiko dira, horri buruzko erabaki berriak hartu behar badira aztertzeko.
Udaleko ordezkariak ostalariekin bildu dira
Bestalde, Ordiziako Udal Gobernuko ordezkariak ostalaritza sektorearekin batzartu dira arratsalde honetan Osasun Saialak ezarritako neurri berrien harira hitz egiteko.
Adur Ezenarro alkateak bere babesa helarazi die koronabirusarekin gaixorik dauden herritarrei eta haien senideei, eta ordiziarrak maskara erabiltzeko agindua betetzen ari direla azpimarratu du.
Egun gogorrak bizitzen ari direla onartuta, orain gaitzari "aurrea hartzea" tokatzen dela adierazi du, "beranduegi izan baino lehen". Horrela, bada, arriskuan egon direla uste duten herritar guztiei PCR proba egiteko eskatu die, eta laguntza behar duten guztiei Udalarekin harremanetan jartzeko galdegin die.
"Arduraz jokatzeko unea da, baina baita lasaitasuna mantentzeko ere; ondo ari gara eta bide horri eutsi behar diogu, lasaitasunez eta arduraz", erantsi du.
Horrez gain, datorren igandeko hauteskundeetan "herritar guztien osasuna eta bozkatzeko eskubidea" bermatu beharra dagoela azpimarratu du.
Urkulluk ez du hauteskundeak atzeratzeko asmorik
Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak Ordizian konfinamendua ezartzea baztertu egin du "oraingoz", eta ez du aurreikusten hauteskundeak atzeratzea Gipuzkoako udalerri horretan edo inguruko beste herrietan.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Urkulluk esan du detekzio-probetan positibo eman duten kasuen eta kontaktuen jarraipena egiten jarraitzen dutela, ez bakarrik udalerri horretan, baita pandemiaren hasieratik bertan egon ahal izan diren pertsonena ere.
Herriko biztanle guztiei probak egiten ari zaizkiela ere gogorarazi du, eta maskararen erabilera orokortzearen alde agertu da. Bere esanetan, "erabat" bermatuta daude igande honetan Goierri aldean segurtasunez bozkatzeko baldintzak, "Euskal Autonomia Erkidegoan bezala".
Urkulluren ustez, "orokorrean gehiegizko lasaitasuna dago herritarren aldetik". Euskal herritarrek maskara gutxien erabiltzen dutela ziurtatzen duen seroprebalentzia txostenari dagokionez, Euskadin "aniztasun handia" dagoela uste du lehendakariak.
Ordizian atzemandako agerralditik kanpo, azken orduetan bi hildako izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE).
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Jarraipen Batzordea ostegun honetan, 09:00etan, bilduko da berriro Zumarragako ospitalean. Osasun eta Segurtasun sailetako karguak eta Ordizia, Legorreta, Itsasondo eta Tolosako udal ordezkariak izango dira bertan.