Gizartea -

KORONABIRUSA

Konfinamendua baztertuta, Osasun Sailak mugak jarriko dizkio ostalaritzari Ordizian

Maskara erabiltzeko eta segurtasun distantzia errespetatzeko deia egin du Nekane Murga Osasun sailburuak. Guztira, 35 kasu baieztatu dituzte.

Ordiziako bizilagunak PCR probak egiteko zain. Irudia: EFE.
Ordiziako bizilagunak PCR probak egiteko zain. Irudia: EFE.
Ordiziako bizilagunak PCR probak egiteko zain. Irudia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ordizian antzemandako koronabirus agerraldia dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak baztertu egin du udalerri horretan konfinamendua ezartzea, baina ostalaritzan eta aisialdian mugak jarriko dituela iragarri du. Orain arte egindako probetan 35 kasu baieztatu dituzte guztira.

Koronabirusaren Jarraipenerako Batzordeak bilera egin du Zumarragako ospitalean, Ordiziako fokua aztertzeko. Batzarrean Ordizia, Beasain, Idiazabal eta Lazkaoko alkateak eta Segurtasun eta Osasun sailetako arduradunak izan dira.

Bilera amaituta, Nekane Murga Osasun sailburuak azaldu du atzotik 1.700 proba egin dituztela Ordizian eta 19 positibo izan direla. Beraz, guztira, 35 pertsona kutsatu dira agerraldi horren ondorioz. Alabaina, oraindik beste 700 analisiren emaitzak ezagutarazteko daude eta bihar test gehiago egingo dituzte.  

Datu horiek aintzat hartuta, konfinamendua ezartzeko arrazoirik ez dagoela azpimarratu du Murgak.

Osasun sailburuak eta Adur Ezenarro Ordiziako alkateak baieztatu dute agerraldiak taberna batean duela jatorria eta, ondorioz, Eusko Jaurlaritzak hartuko dituen neurriak ostalaritzari eragingo diotela bereziki.

Murgak neurri horietako batzuk aurreratu ditu jada: taberna barruan ezingo da zutik kontsumitu; edukiera mugatuko dute; eta terrazatan esertzea posible izango da, baina segurtasun distantzia betetan.

Horrez gain, ordutegiak murrizteko aukera eta "maskara erabiltzera derrigortzeko formula" zein izan daitekeen aztertuko dutela esan du.  

Ildo horretan, Murgak berretsi egin du tabernetan maskara edateko edo jateko soilik kendu daitekeela.

"Mundu guztiari eskatzen diot kalean maskara erabiltzea, egingo duen jarduera edozein delarik ere", nabarmendu du.  

Bestalde, Ordiziako alkateak ziurtzat eman du maskara erabiltzea "derrigorrezkoa" izango dela, baina Osasun Sailaren aginduaren xehetasunak zeintzuk izango diren ez dakiela. Edonola ere, gogora ekarri du Udalak musukoa erabiltzeko deia egin duela, "segurtasun distantzia bermatuta egon arren".  

Horrez gain, Ezenarrok iragarri du datozen egunotan irekiko dituztela igandean itxiarazitako tabernak, langile guztiek negatibo eman dutela egiaztatu ostean. Alabaina, agerraldia sortu zen establezimenduak itxita segituko du.

Bestalde, gaur goizean Ordiziako Udalak beste hainbat neurri hartu ditu. Asteazken honetan egitekoa zen azoka bertan behera utzi du eta kiroldegia, liburutegia eta haurrentzako parkeak ixteko agindua eman du.

Hori bai, arratsalde honetan alkateak zehaztu du espazio publiko horien itxierari buruzko erabakia berriro aztertuko dutela, kutsatze gehienak gazteen artean eta tabernetan eman direla kontuan hartuta.  

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Zumarraga albisteak Ordizia bideoak Albisteak Osasun albisteak COVID kasuak Maskarak gaur