Gizartea -
Salaketa
Gasteizko udal txakurtegiko langile bat ikertzen ari dira, sexu-abusuak leporatuta
Animalien babeserako elkarte bateko boluntario batzuek salaketa jarri dutela jakinarazi dio Gasteizko Udalak Fiskaltzari, 2018tik laneko jazarpena eta sexu-abusuak leporatuta.
Agentziak | Erredakzioa
Apasos animalien babeserako elkarteko boluntario batzuek Gasteizko udal txakurtegiko langile bat salatu dute, 2018tik laneko jazarpena eta sexu-abusuak leporatuta. Ildo horretatik, Gasteizko Udalak barne-ikerketa abiatu du eta Fiskaltzari igorri dio salaketa.
Udaleko gobernu-taldeak bilera bat egin du astelehen honetan Udaleko taldeetako ordezkariekin, Udalak boluntario horiek bidalitako idatziari buruz duen informazioa aztertzeko. Langile horrek iradokizunak eta sexu-ukituak egin dizkiela salatu dute boluntarioek idatzian, eta horren tratu iraingarria eta botere-gehiegikeria ere salatu dituzte.
Gasteizko Udalak azaldu duenez, Giza Baliabideen Sailak aurretiazko eginbideak ireki ditu, instruktore bat eta idazkari bat izendatuta aurretiazko ikerketa garatzeko, salatutako funtzionarioak diziplina-araubidearen aurkako arau-hausterik egin duen edo ez argitze aldera.
Udalak abiatutako barne-ikerketa horretan, hiru aldiz deitu dituzte salatzaileak idatzian esaten dutena berresteko, baina, Udalaren esanetan, orain arte ez dute beste azalpenik eman nahi izan.
Horrela, udal txakurtegiko langilea beste sail batera eraman dute behin-behinean, baina Udalak ez du "salatutakoa egia den ala ez aurrez epaitu nahi".
Salatzaileak azalpenak ematera joan ez direnez, "aurretiazko ikerketa honen funtsezko alderdi batean aurrera egitea ezinezkoa" dela esan du Udalak, eta, hori dela eta, espedientea Fiskaltzari helaraztea erabaki du, gertakariak argitzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak egin ditzan.