Gizartea -

Koronabirusa

200 zientzialarik baino gehiagok COVID-19aren aire-bidezko kutsatzeaz ohartarazi dute

Lidia Morawska irakaslea buru duen ikertzaile taldearen arabera, gune itxietan bi metroko distantzia laburregia izan daiteke.

Zientzialari talde baten ustez, bi metroko segurtasun-artea, gutxiegi izan daiteke. Argazkia: EFE
Zientzialari talde baten ustez, bi metroko segurtasun-artea, gutxiegi izan daiteke.
Zientzialari talde baten ustez, bi metroko segurtasun-artea, gutxiegi izan daiteke. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, 200 zientzialariz osatutako talde batek argitaratu duen ohar baten arabera, COVID-19aren kutsadurak ekiditeko segurtasun-tarte estandarra "gutxiegi" izan daiteke. Hori dela eta, Munduko Osasun Erakundeari (MOE) eskatu diote birusaren transmisioaren inguruko ikerketak serioago hartzeko.

Clinical Infectious Diseases aldizkarian argitaratutako mezuan, herrialde gehienetan ezarritako bi metroko segurtasun-tartetik haratago, COVID-19aren transmisioaren arriskua onartzeko eskatu diete nazioarteko erakundeei eta medikuen komunitateari.

"Medikuen komunitateari eta nazioarteko zein nazio mailako erakundeei eskatzen diegu COVID-19aren aire-bidezko hedaduraren indarra onartzeko", esan dute adituek. Testuak, gainera, Munduko Osasun Erakundea kritikatzen du, aire-bidezko transmisioa ez aitortzeagatik.

"Testua izenpetzen duten zientzialarien eta beste zientzialari batzuen ikerketek erakusten dutenez, arnasa botatzean, hitz egitean edo eztul egitean aireratzen dira birusak, eta mikro-tanta horiek airean 1 edo 2 metroko distantzia baino gehiago egin dezakete", 239 sinatzaileen iritzian.

Lidia Morawska irakaslea, Nazioarteko Aire Kalitatearen eta Osasunaren Laborategiko zuzendaria, buru duen ohartarazpen kolektiboaren arabera, "ohiko abiaduran, bost mikroiko (mikroia metroaren milioiena da) tanta batek hamarka metro bidaiatu ditzake"; hortaz, tamaina ertain bat duen logela baten azalera osoa har dezake.

"Arazoa bereziki larria da barne guneetan eta gune itxietan, batez ere jende asko biltzen denetan eta jende kopuruaren arabera aireztatzeko sistema ezegokia denean edota esposizioa asko luzatzen denean", azaldu dute adituek.

Horien arabera, gune itxietan arnasbideetako infekzioek duten transmititzeko arriskua aztertzeko hainbat diziplinatako (zientzia eta ingeniaritza) adituak behar dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea gorde ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Koronabirusa