Gizartea -

Lan-istripua

Pilotu donostiar bat hil da Lleidan izandako helikoptero istripuan

Haritz Galarraga pilotua eta haren lankide bat Lleidako Pirinioetan hil dira, sare elektrikoan lanean ari zirenean helikopteroa erorita.

Esquadra Mossoak helikopteroa erori den tokian. Argazkia: Esquadra Mossoak
Esquadra Mossoak helikopteroa erori den tokian.
Esquadra Mossoak helikopteroa erori den tokian. Argazkia: Esquadra Mossoak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi langile hil dira gaur goizean Lleidako Pirinioetan, La Vansa i Fornols herrian, izandako helikoptero istripuan.

Hildakoetako bat Haritz Galarraga pilotu donostiarra da. 47 urte zituen eta Helitrans Pyrenees konpainiako nagusia zen.

Babes Zibilak azaldu duenez, ezbeharra sare elektrikoan lanean ari ziren bitartean gertatu da. Argitu gabe dauden arrazoiak tarteko, helikopteroa erori egin da eta su hartu du.

Eguerdian jaso dute abisua larrialdi zerbitzuetan eta suhiltzaileak eta helikoptero bat bertaratu dira istripuaren tokira.  

Esquadra Mossoek ere joan dira haraino eta ikerketa bat jarri dute martxan ezbeharra nola jazo den argitzeko.

ETBko helikopteroaren pilotua urte luzez

Galarraga Euskal Telebistako kiroletako langilea izan da. Azken hamabost urteotan helikopteroa eraman du Kontxako estropadetan edo Euskal Herriko Itzulian. Fernando Lopetegi errealizadorearen aginduetara aritu da 27 urte zituenetik.

Azken hilabeteetan, Donostiara sarritan etorri da. Cristina Iglesias artista Santa Klara uhartean egiten ari den artelana kokatzeko lurrak eta materiala helikopteroan eraman ditu.

2015eko maiatzean beste istripu bat izan zuen, Almeriatik Lleidara bueltan zihoanean. Helikopteroa Valentziako kostaldean erori zen, baina uretara botata lagunarekin onik irtetea lortu zuen orduan.  

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Donostia Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gizartea Eguneko albisteak Albisteak