Gizartea -
KORONABIRUSA
Segria eskualdea (Lleida) konfinatu du Generalitateak covid-19aren berrindartzeagatik
Zortzi agerraldi daude une honetan aktibo, eta azkar zabaltzen ari dira kutsatzeak. 12:00etan hasiko da konfinamendua eta 16:00ak arte dute herritarrek etxera itzultzeko.
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
Kataluniako Gobernuak iragarri duenez, larunbat honetako 12:00etatik aurrera konfinatuta egongo da Lleidako Segrià eskualdea, koronabirus kasuak erruz igo direlako. Herritarrek 16:00ak arte izango dute eskualdetik irten edo eskualdera sartzeko. Hala adierazi du Quim Torra presidenteak Procicateko batzorde teknikoarekin bildu ostean.
"Gobernuak herritarren bizitza eta osasuna ditu lehentasun eta horiek babesteko behar diren neurriak hartuko ditu" defendatu du Torrak Generalitatearen egoitzatik eman duen prentsaurrekoan.
Erabaki zaila dela aitortu du, baina lasaitasunerako deia egin du eta babes osoa agertu die herritarrei, baita Katalunia osoari eta ekonomiari ere: "ahulenak zaintzeko eskatzen dizuegu". "Itxoin pixka bat topaketa sozialak egiteko eta atzeratu itzazue jada prestatuta zenituzten horrelako planak".
"Oso garrantzitsua da gure burua eta maite ditugunak zaintzeko esfortzua egitea" gaineratu du Torrak, eta Lleidako bizilagunei ez ezik, Katalunia osokoei dei egin die zuhurtziaz joka dezaten.
Mugikortasun-mugak
Eskualdeko langileen irteerei eta sarrerei eta enpresa zein ekonomia-jardueren garraioari lotuta ez bada, ezingo da eskualdetik irten edo sartu. Eremua zeharkatzen duten autobietan eta autobideetan joan-etorriak egitea baimenduko da, baldin eta ez badute Segrià jatorri edo helmuga.
Gainera, hamar pertsona baino gehiagoko bilerak debekatu ditu Kataluniako Gobernuak bai eremu pribatuan, baita publikoan ere, eta "jarduera soziala murrizteko" eskatu die herritar guztiei.
Adineko pertsonei etxean konfinatzeko eskatu diete eta "ezinbestekoa" denerako bakarrik irteteko; hirugarren adinekoentzako eguneko zentroak itxi egingo dira, eta senideen bisitak debekatuko dituzte zahar egoitzetan.
Torrak, gainera, neurri higienikoak zorrozteko agindua eman du nekazaritza eremuetan, eta bertako langileek espazio publiko eta pribatuetan duten jarduera behar-beharrezkoa denera mugatu beharko dute.
Isunak arauak betetzen ez dituztenentzat
Maskarak erabiltzea, eskuak maiz-maiz garbitzea eta distantzia fisikoa mantentzea beharrezkoa dela gogorarazi du Generalitateko presidenteak: "Ezin gara segundo batean ere erlaxatu".
Ildo horretan, Miquel Buch Barne kontseilariari agindu dio mossoei zein udaltzainei arauak betetzen ez dituztenak zigortzeko neurriak har ditzatela.
Zortzi agerraldi daude une honetan indarrean eskualde horretan eta kutsatu kopurua asko igo da azken egunotan. Atzo kanpaina-ospitale bat ireki behar izan zuten Lleidako l'Arnau de Vilanovan covid-19adun gaixoen gorakadaren ondorioz.
200.000 pertsonari eragingo die konfinamenduak.
Epailearen abala
Lleidako guardiako epaileak konfinamenduari abala eman dio, "osasun publikoa arriskuan" dagoela argudiatuta. Itxialdia hamabost egunekoa izatea baimendu du, baina luzatzeko aukera baztertu gabe, pandemiaren eboluzioaren arabera.
Eguerdian kaleratutako autoan, Lleidako Instrukzio Epaitegiak berretsi egin du Generalitateak goizean onartu duen ebazpena. Epaileren ustez, covid-19aren agerraldi berriek eta eskualdean pandemiak izan duen eboluzioak argi erakusten dute gaitza "zabaltzeko arrisku handia" eta "osasun kolektiboa arriskuan" daudela. Horrenbestez, autoaren arabera, herritarrek mugitzeko duten "askatasuna mugatzea" justifikatuta dago.
Halaber, Generalitateak hartutako neurriak ez direla "gehiegizkoak eta neurrigabeak" iritzi dio epaileak.