Gizartea -
Ezkabako ihesaldia
Ezkabako gotorlekuko ihesaldian alde egindako preso baten gorpua identifikatu dute
Leoncio de la Fuente Ramosen gorpua Nafarroako DNA bankuak bildutako laginei esker identifikatu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Memoriaren Institutuak, 2016an Nafarroako Gobernuak martxan jarritako DNA banku publikoak bildutako laginei esker, Leoncio de la Fuente Ramos identifikatu du. De la Fuente Ramos Ezkaban atxilo zegoen 1938ko maiatzaren 22an, gotorlekuko ihesaldia egin zenean, eta Larrasoañan (Esteribar) erail zuten.
Ezkabatik ihes egin ostean harrapatu eta hil zituzten lau presoren gorpuak hobitik atera eta gero identifikatu dute. Paulina Lizoainek (89 urte) Larrasoañan gertatu zena ikusi zuen umetan, eta horren testigantzari esker aurkitu eta atera dituzte hobitik gorpu horiek.
Lau gorpuen artean, Leoncio de la Fuente Ramosen gorpua identifikatu dute, haren alabak emandako DNA laginari esker. Fresno el Viejo (Valladolid) udalerrikoa zen, ezkonduta zegoen eta sei seme-alaba zituen.
Ofizioz teilagina zen, eta 36 urte zituen 1937ko abuztuaren 22an, Ezkabara iritsi zenean. De la Fuente 1938ko maiatzaren 22an, inoizko ihesaldi handiena egin zuten 795 presoetako bat zen.
Nahiz eta gotorlekutik ihes egitea lortu, ihes egin zuten presoetako 206 harrapatu eta berehala hil zituzten. Leoncio de la Fuente Ramos eta oraindik identifikatu gabe dauden beste hirurak harrapatu eta hil zituzten iheslari horietako batzuk ziren. Larrasoañatik gertu atzeman, erail eta herriko hilerritik gertu lurperatu zituzten.
Nafarroako Gobernuak aditzera eman duenez, NASERTIC enpresa publikoaren laborategi genetikoa egiten ari den lana zaila da, gorpuzkiak egoera txarrean baitaude. Gobernuaren hitzetan, baina, identifikatzea ezinezkoa litzateke Iberiar penintsulan zehar barreiatutako eraildakoen familiek emandako DNA laginik izango ez balituzte.
2016an sortu zenetik, eraildako 230 pertsonaren senideen laginak bildu ditu Nafarroako DNA bankuak.
Nafarroako Memoriaren Institututik elkarlanerako deia egin dute, bai hobiak aurkitzeko, bai ihes egindako presoen familiak bilatzeko, gorpuak identifikatze aldera.