Gizartea -
Koronabirusa
Fiskaltza Gasteizko erresidentzia bateko egoiliar baten heriotza ikertzen ari da
Koronabirusarekin hil zen 82 urteko gizon bat ospitalera berandu eraman zutela salatu dute. Gasteizko Caser Alto del Prado egoitzan 19 adineko eta langile bat hil ziren koronabirusagatik.
ERREDAKZIOA
Arabako Fiskaltzak ikerketa bat jarri du martxan Gasteizko Caser Alto del Prado zahar-etxeko egoiliar baten heriotza dela eta.
Koronabirusarekin hil zen 82 urteko gizon bat ospitalera berandu eraman zutela salatu dute eta Fiskaltzak atzerapen horren arrazoia jakin nahi du, egoitzako zuzendaritzak arduragabekeriaz jokatu zuen ala ez argitzeko.
Arabako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, Caser Alto del Prado erresidentzian 19 adineko hil ziren koronabirusaren ondorioz. Halaber, egoitza horretako langile sozio-sanitario bat ere hil zen COVID-19agatik bajan zegoen bitartean.
Pandemiaren kudeaketarekin lotuta Euskal Herrian abiatzen den lehen ikerketa judiziala da.