Gizartea -

Endesa Ligako Finala

Pertsona bat atxilotu dute eta bi ertzain zauritu dira Gasteizen, liskar batean

Poliziei "edalontziak, aulkiak eta era guztietako objektuak jaurti zizkieten", eta, ondorioz, herritarrak sakabanatu zituzten. Urtaran "oso kezkatuta" agertu da jende-pilaketekin.

Kirolbet Baskoniaren garaipenaren ondorengo ospakizunak, Gasteizen. Argazkia: EiTB
Kirolbet Baskoniaren garaipenaren ondorengo ospakizunak, Gasteizen. Argazkia: EiTB
Istiluak Gasteizen, Baskoniaren garaipenaren ondoren

1:34

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak pertsona bat atxilotu du bart Gasteizen, hiriko erdiguneko diskoteka bat hustean sortu diren istiluengatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Izan ere, herritar askok Baskoniaren garaipena ospatu dute kalean, baina horietako askok ez dituzte segurtasun-distantziak mantendu. Horrez gain, bi ertzain zauritu dira.

Zehazki, Gasteizko Alde Zaharreko Aiztogile kalean jazo ziren istiluak. 01:15 aldera, Udaltzaingoak Ertzaintzaren laguntza eskatu zuen, kale horretako tabernen inguruan jende-pilaketak kontrolatzeko, ehunka zalek segurtasun-distantziak zaindu gabe eta maskararik jarri gabe ospatu baitzuten Baskoniaren garaipena.

Ertzainak bertara iristean, "edalontziak, aulkiak eta era guztietako objektuak jaurti zizkieten", eta, ondorioz, inguruan zeuden herritarrak sakabanatu zituzten. Istiluetan, pertsona bat atxilotu zuten, agenteei eraso egitea leporatuta, eta bi ertzainek kolpe arinak jaso zituzten. Horrez gain, zortzi pertsonari espedientea ireki diete, Herritarren Segurtasunerako Legea baliatuz, poliziak iraintzeagatik.

Halaber, 04:00ak aldera, San Anton plazan dagoen diskoteka bateko jabeek polizia bertaratzeko eskatu zuten, ezin zutelako establezimenduaren edukiera kontrolatu, Segurtasun Sailak asteazken honetan azaldu duenez.

Gorka Urtaran "oso kezkatuta" agertu da gauean sortutako jende-pilaketekin

Gorka Urtaran Gasteizko alkatea "oso kezkatuta" agertu da bart Gasteizko kaleetan izan diren jende-pilaketekin; izan ere, Kirolbet Baskoniak Endesako Liga irabazi ostean, hiriko kaleetan pertsona asko elkartu dira garaipena ospatzeko.

"Poz handiko gaua ez dadila tragedia eta sakrifizio aste bihurtu. Osasun arloko langileek eta adineko pertsonek ez dute hori merezi. Hiriak ere ez. Jende-pilaketak saihestu", esan du alkateak. Testuinguru horretan, ospakizunak egoera hobea denerako uzteko eskatu du, baina goizaldera arte iraun dute, erdiguneko tabernetan batez ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Kirolak Saskibaloia Baskonia Ertzaintza Araba Gorka Urtaran Delituak Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak