Gizartea -

KORONABIRUSA

Lehen eguna positiborik gabe Nafarroan, lehen kasua atzeman eta lau hilabetera

Nafarroan, 17 egun jarraian daramatzate jada koronabirusak eragindako hildakorik zenbatu gabe. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), berriz, hildako bat eta bost positibo gehiago zenbatu dituzte.

Iruña, jende-pilaketarik gabe, alarma-egoera indarrean zegoela. Argazkia: EFE
Iruña, jende-pilaketarik gabe, alarma-egoera indarrean zegoela.
Iruña, jende-pilaketarik gabe, alarma-egoera indarrean zegoela. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroan ez dute koronabirusean positibo emandako kasurik atzeman azken orduetan, pandemia hasi zenetik lehen aldiz. Orain arte, 10.351 pertsona kutsatu dira bertan, gaitza atzemateko proben arabera. Lehen kasua otsailaren 29an atzeman zuten Nafarroan.

Hala, 17 egun jarraian daramatzate jada koronabirusak eragindako hildakorik zenbatu gabe. Ildo horretatik, 528 pertsona hil dira foru-erkidegoan COVID-19aren ondorioz (orain arte zabaldutako datuak duela bi aste berrikusi zituzten, eta gaitzak hamar hildako gehiago utzi dituela esan zuten).

Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak azaldu duenez, seroprebalentzia ikerketen emaitzak aztertu ostean % 6,4ra igo da Nafarroan kutsatuen kopurua. Hala, 41.000 pertsonak izan dute koronabirusa, baina gehienek (% 80) sintoma arinak zituzten, eta etxean artatu dituzte. Gainera, "koronabirusa pasatu duten gaixoen % 30 ez dira konturatu ere egin".

Pandemiaren "aurpegi latzena" ospitaleratutakoen kopurua da: ia 2.000 pertsona ospitaleratu dituzte, eta 139 zainketa intentsiboetako unitateetan artatu behar izan dituzte.

Horren aurrean, koronabirusa "zoritxarrez oraindik amaitu ez den pandemia" dela esan du Osasun kontseilariak, eta "ezkutuan" jarraitzen duela ohartarazi du, "etengabeko agerraldi berriek eta mehatxuek gogorarazten diguten bezala".

Hildako bat eta bost positibo gehiago zenbatu dituzte Euskadin

Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, pertsona bat hil da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, 1.613 hildako zenbatu dituzte jada. Horrez gain, bost kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astearte honetan emandako datuen arabera (asteleheneko 24:00ak arte bildutakoak).

Datuak aurrean izanda, Euskadi "egoera onean" dagoela nabarmendu du Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, eta azken 24 orduetan atzemandako bost positibo berriek osasun arloko krisia "kutsadura-maila baxuetan egonkortu" dela gaineratu du. Dena dela, Murgak maskara erabiltzearen eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzearen garrantzia nabarmendu du.

Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,75). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek. Atzo, 0,74koa zen indize hori, eta joan den astean, berriz, 0,92koa.

Horrela, datuek aldaketa nabarmenik gabe jarraitzen dute atzo zabaldutakoekin alderatuta, eta koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaera beheranzko joera izaten ari dela erakusten dute. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 3.329 detekzio-proba egin zituzten atzo: 2.899 PCR eta 430 test serologiko.

Azken orduetan, bost kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.737 guztira) eta 29 test serologikoen bidez (7.226), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 20.963 kasu baieztatu dira orain arte.

Datuak lurraldez lurralde ikusita, azken orduotan hiru kasu baieztatu dituzte Gipuzkoan, pandemia hasi zenetik kasu gutxien atzeman dituen lurraldean (2.315); Araban, kasu bat baieztatu dute azken orduetan (3.348 guztira); eta Bizkaian gaitza atzemateko egindako detekzio-probetan positibo berri bat atzeman dute. Hain zuzen, lurralde horretan detektatu dituzte orain arte positibo gehien PCR proben bidez (7.909 guztira).

Hala, Gipuzkoan baieztatutako kasuei dagokienez, Arrasaten (bi) eta Donostian (bat) bizi dira azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman dutenak. Araban baieztatutako kasuari dagokienez, Gasteizen (bat) atzeman dute positibo berria. Bizkaian, berriz, Bilbon (bat) baieztatu dute azken kasua.

Gipuzkoan atzemandako positibo berrietako batek baliteke Orioko agerraldiarekin lotura izatea; izan ere, orain arte 17 kasu zenbatu dira, eta haien artean "transmisio-lerro argia" dago. Horiei, beste bost kasu gehitu zaizkie azken orduetan (gaur jakinarazitakoa barne), baina oraindik ezin izan dute argitu haien artean loturarik izan duten, sailburuak azaldu duenez.

Bizkaian atzemandako kasu berriari dagokionez, Basurtuko agerraldian gaixotutako pertsonetako batekin kontaktu estua izateagatik isolatuta zegoen. Ildo horretatik, foku horrekin lotutako positibo berriak jarraitzen ari ziren eta isolatuta zeuden pertsonengan atzeman izanak "egoera kontrolpean" dagoela agerian uzten duela azpimarratu du Murgak.

Kutsatu berri horrekin, guztira 46 kasu positibo zenbatu dituzte jada Basurtuko agerraldian. Txagorritxuko Ospitalean, berriz, ez dituzte kasu gehiago zenbatu azken orduetan (15 kasu guztira).

Horrez gain, 165 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan, baina horietako bat ere ez azken egunetan.

Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, 289.171 PCR proba eta 130.444 test azkar egin zaizkie Euskadin 243.096 pertsonari (herritar askori behin baino gehiagotan egin dizkiete probak).

PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek garatutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.

Bestalde, Osasun Sailak azaldu duenez, lau pertsonak jaso dute alta ospitalean azken 24 orduetan; guztira 4.316 gaixok jaso dute (% 20,6). Halaber, kasu positibo negatibotuak, hau da, PCR probetan positibo eman ondoren negatibo eman dutenak, 25 gehiago dira; 13.787 guztira (% 65,8).

Osasun Sailaren esanetan, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean (ZIU) artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruari dagokionez, ez dago aldaketarik atzo zabaldutako datuekin alderatuta. Horrela, egun COVID-19ak erasandako sei pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan.

Orain arte, guztira 1.613 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,7), Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.

Azken orduetan, ez dute inor ospitaleratu COVID-19agatik, eta, Osasun Sailaren arabera, 190 pertsona daude ospitaleratuta (184 gela arruntetan eta sei ZIUetan).

Analisiak Euskadiko hondakin-uretan

Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) bost araztegitako hondakin-uretan koronabirusaren presentzia dagoen edo ez jakiteko azterketak egiten ari direla jakinarazi du Murgak. Lan horretan, Euskadik beste autonomia erkidego batzuekin elkarlanean diharduela azaldu du, eta, besteak beste, Loiolako araztegian ari direla probak egiten.

Osasun sailburuak onartu duenez, lan horrek analisi zorrotzagoak eskatzen ditu, koronabirusaz gain beste birus batzuk egon daitezkeelako.

Dena dela, sailburua pozik agertu da Euskadiko egoera "ona" delako eta pandemiaren bilakaera "egonkortzen" ari delako. Horrek, etorkizunari "baikortasunez" aurre egitea ahalbidetzen duela esan du, baina prebentzio-neurriak mantentzeko beharra azpimarratu du.

*OHARRA*:

Gaurko txostenak aldaketa bat jasotzen du sendatutako pertsonen kopurua jakinarazteko moduan. Batetik, test negatiboa duten pertsonen kopurua bereizten da (PCR bidez positibo eman ondoren, azkenean negatibo eman dute), eta, bestetik, ospitalean alta jaso dutenen kopurua. Osasun Sailak uste du modu hori zehatzagoa dela; izan ere, baliteke, adibidez, ospitalean alta eman zaien pertsonak egotea, eta haien PCRak positibo izaten jarraitzen du, baina ez du ospitaleratuta egon behar.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako txostena hainbat profesionalek egiten dute, eta informazioa lantzeko prozesuaren fase ezberdinetan beharrezko diren analisiez arduratzen da bakoitza. Hala, zabaldutako informazioa etengabe berrikusten da, eta zuzenketa txikiak egiten dira egunero.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eusko Jaurlaritza Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa