Gizartea -
COVID-19
Gripearen aurkako txerto kanpaina urriaren hasieran abiatuko da Euskadin
Gripearen kontrako txerto kanpaina urriaren amaieran hasi ohi da. Nekane Murga Osasun sailburuak azaldu duenez, dosien eskaria % 33 areagotuko dute.
Agentzia | Erredakzioa
Gripearen aurkako kanpainaren hasiera aurreratzeko lanean ari direla iragarri du Nekane Murga Osasun sailburuak larunbat honetan. Kanpaina urriaren amaieran hasi ohi da, baina hilabete hasieran abiatzeko asmoa dute. Dosien eskaria % 33 areagotuko dutela erantsi du sailburuak.
COVID-19 pandemiaren egoeraren berri emateko prentsaurrekoan Murgak jakitera eman duenez, datorren udazkenera begira “erronketako bat” arnas infekzioak “lehenbailehen” identifikatzea izango da, SARS-CoV-2 birusaren ondorioz ote diren egiaztatzeko.
Udan “errazagoa” da, gripe kasu gutxiago direlako. Ondorioz, sintomak identifikatzea errazagoa da, sailburuak erantsi duenez.
Horregatik, gripearen aurkako txerto kanpaina aurreratzea planteatu dute. Hala ere, lehenago birusaren andui zirkulatzaileak ikertu behar dituzte hego hemisferioan, ondoren profilaxiak prestatzeko, zehaztu duenez.
Gripearen aurkako kanpainari begira osasun sistemak “prest egon” behar duela azpimarratu du Murgak, “arriskuko pertsonak” osasun zentroetara “ez hurbiltzea gomendagarria izan daitekeelako”. Horregatik, txertoak “nola” eman erabaki behar du Osasun Sailak.
Dosien eskaera % 33 areagotu dutela esan du Eusko Jaurlaritzak; izan ere, helburua arriskuko pertsonen % 75 baino gehiago babestea da, aurreko urteetan portzentajea % 65ekoa izan zen. Era berean, osasun-langile gehiagok txertoa jasotzea nahi dute arduradunek.
Murgaren ahotan, gripe eta koronabirusarekin aldi berean kutsatzea “posible da, eta COVID-19aren bilakaera larriagotu dezake”, horregatik egoera hori “saihestu” beharra dago.