Gizartea -
EHGAM
Kattalin Miner, Urrezko Hirukia 2020, 'Moio, Gordetzea ezinezkoa zen' liburuagatik
Trapuzko Espartina, ostera, TERF Feminista Erradikal Trans-Baztertzaileei eman die EHGAM elkarteak, “bere gorroto diskurtso transoboagatik”.
eitb.eus
Kattalin Miner kazetariak eta idazleak Urrezko Hirukia 2020 jaso du larunbat honetan. EHGAM Euskal Herriko homosexualen kolektiboak Kattalin Miner saritu du, Moio, Gordetzea ezinezkoa zen liburuagatik. Aimar Elosegi Moio-ren suizidioak Hernanin (Gipuzkoa) izan zuen eragina islatzen du Minerren lanak.
"LGTB+ memoriarentzat liburuak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, baita garrantzia politikoa ere, are gehiago, gaur eskuina gupidagabe pertsona transen eta haien eskubideen aurka eraso egiten ari denean”, azaldu du EHGAM kolektiboak prentsaurrekoan, Bilboko BIRA kultura-gunean.
Trapuzko Espartina, aldiz, TERF Feminista Erradikal Trans-Baztertzaileei eman die EHGAM elkarteak, “bere gorroto diskurtso transoboagatik, ultraeskuineko Hazte Oir eta Vox bezalako alderdien eta elkarteen mezu bera erabiltzen duelako”.
“Feminismo agiriak banatzeko ardurarik ez dugu, noski, baina feminismoak askatzailea izan behar du, edo ez da izango, eta pertsona horiek praktikatzen duten 'feminismoa' askatasun indibidualak modu arriskutsuan zapaltzen ditu”, salatu du EHGAMek. “Gizaki zikiratzaileak direla uste dugu”, erantsi du kolektiboak.
Kattalin Miner “pozik eta oso eskertuta” agertu da sariarekin. Saria “ilusio handiarekin” jaso duela aitortu du, “espero ez nuelako”. “Egin nuen aurreneko gauza Aimarren familiari deitzea izan zen, kontatzeko”, gaineratu duenez.