Gizartea -
Harrotasunaren eguna
Bilbao Bizkaia HARROk kultur eta aisialdi jarduerak egingo ditu ekainak 28 inguruan
Segurtasun arrazoiengatik eta pandemia dela eta, aurten ez da itsasadarrean itsasontzien desfilerik izango, ezta kontzerturik ere.
EITB.EUS
Ekainaren 28an, LGBTIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, Bilbao Bizkaia HARROk 'Orain, denok baloratzen dugu askatasuna' kanpainaren edizio berri bat ospatuko du, pandemia garaietara egokitutako formatu txikiago batekin. Aurten, aniztasunaren aldeko itsasontzien desfileak ez du itsasadarra zeharkatuko, eta ez da ez musikarik ez kontzerturik izango.
Oraingoan, 'HARRO gaude' leloa txertatuko dute. Asko izan dira lelo horrekin bat egin nahi izan duten enpresa eta erakundeak: Euskaltzaindia, Euskalduna Jauregia, Metro Bilbao, Euskotren eta Tranbia, Baque, Cervezas La Salve... Eta kirol munduak ere bat egin du lelo horrekin, Athletic Club, BasqueTeam eta Bilbao Basketen babesa baitu.
Pandemiaren aurrean beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartuz egingo dira jarduera guztiak, eta maskara erabiltzea derrigorrezkoa dela gogorarazten zaie parte-hartzaileei.
Giza LGBTI bandera bat zumba erritmoan
Auzia ikusarazteko, Bilbao Bizkaia HARROk zumba saio herrikoia antolatu du ekainaren 28rako, Kale Nagusian, Foru Jauregiaren parean. Parte-hartzaile bakoitzak dantza-pistara sartzeko txapa bat eskuratu beharko du. Bertan, LGBTI banderaren koloreetako bat duen kamiseta emango zaie, antolatzaileen esanei jarraituz ostadar-bandera osatuko duen giza mosaiko horren parte izateko. Aurreinskripzioak bilbaobizkaiaharro.eus webgunean egin ahalko dira.
LGBTIQ banderari forma emango zaio kamiseten bidez, eta, ondoren, zumba klasea hasiko da.
LGBTIQ+ aktibismoarekin lotutako lekuetara bisita gidatuak Bilbon
Bilbon eta Bizkaian LGBTI pertsonei lotutako historia, bizipenak, erronkak eta lekuak ezagutzeko bisita gidatuak antolatuko dituzte aurtengo edizioan. Ekaineko azken asteburuan eta uztail osoan, larunbatero eta igandero, 11:00etan, bisita egingo dute, Carlton hotelean, Moyua plazan, hasita. Aldez aurretik izena eman beharko da bilbaobizkaiaharro.eus webgunean.
Erakusketa
Martxan da jada ekainaren 23an inauguratu zuten Sare irekiak arte erakusketa. Erakusketa bi espaziotan banatzen da aldi berean: Expogelan, Bilbo Historikoko lokaletan, eta Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan. Uztailaren 22ra arte egongo da.
Aldarrikapen gozoak
Bizkaiko gozogintzako gremioarekin elkarlanean, hainbat establezimenduk Bilbao Bizkaia HARROren logoa duten pastelak apainduko dituzte, eta, ondoren, erakusleihoetan jarriko dituzte.
Erakusleihoen lehiaketa
Bilbo Historikoarekin elkarlanean, erakusleihoen lehiaketa bat egiten ari da, LGBTIQ+ errealitatearen alderdiren bat hobekien islatzen duen erakustokia saritzeko.