Gizartea -

KORONABULOAK

Ez, koronabirusa ez da gripearen aurkako txerto kutsatuengatik barreiatu

Hala dio WhatsApp bidez zabaldutako audio batek, baina ez dago frogarik COVID-19a gripearen aurkako txertoarekin lotzeko. Audioan, halaber, oinarri zientifikorik gabeko beste hainbat adierazpen daude.

COVID-19 paziente posibleen hainbat lagin. Argazkia: EFE
COVID-19 paziente posibleen hainbat lagin
COVID-19 paziente posibleen hainbat lagin. Argazkia: EFE

EiTB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusa ez zen hasi kutsatzen eta ez da barreiatu gripearen aurkako txerto "kutsatuengatik", WhatsAppen eta sare sozialetan zabaldutako oinarri zientifikorik gabeko mezu batzuek hala ziurtatzen badute ere.

Duela egun batzuetatik, COVID-19aren pandemiaren jatorria eta hedapena gripearen aurkako txertoarekin lotzen dituzten mezuak dabiltza WhatsAppen, Facebooken eta Twitterren. Horietako batzuen esanetan, "txertoak dira heriotzak eragiten dituztenak", eta "hainbeste pertsona hil ziren" koronabirusak jota zeuden gehienak gripearen txertoa hartu zutelako.

#Koronabuloak Euskal Irrati Telebistaren ekimenak laguntzen duen Maldita.es webguneak, koronabirusaren gaineko albiste faltsuak geldiarazteko asmoz, bereziki birala egin den audio baten berri eman du. Gure erabiltzaileek 600 900 454 zenbakira bidali digute, #Koronabuloak ekimenaren WhatsApp zenbakira.

Zer dio audioak?

Hamaika minutu eta erdiko audioa da, WhatsApp bidez partekatua eta sare sozialetan ihardetsia. Bertan, emakume batek esaten du COVID-19a ez zela Txinatik iritsi otsailean, baizik eta urrian injektatu zutela gripearen txertoekin, eta hainbat hilabetez geratu zela agerian kaltetuen nerbio sisteman, harik eta organismoek birus karga maila handia pilatu zutenean azaleratu zen arte.

Horren argudioen arabera, koronabirusak "gripearen txerto injektatuen % 5" kutsatu ahal izan zuen, eta "beste birus mota batzuen txertaketak ditu", GIB, SARS edo herpesarenak kasu. "Oso oldarkorra" zen martxoan, urritik pilatutako karga biralak "kolapso koadro basatiak" eragin zituelako, baina, behin pertsonatik pertsonara "modu naturalean" transmititzen denean, "sintoma ahulak" ditu, horren esanetan.

Audioaren egileak, bere tesiaren ustezko froga gisa, adierazi du martxoan ezagututako kasu larriek txertoa jaso zuten kolektiboei eragin ziela, "adinekoei, osasun-langileei, kirolari batzuei...". Gainera, gripearen txertoak "sistema immunea ahultzen du", horren hitzetan.

"Gripearen txertoa aurreztu genezakeen, ez baitago frogatuta; ez dago gripearen eragin txikiagoa txertaketari esker", dio grabazioak.

Maldita.es webgunean gezurtatu dute: "Ez dago COVID-19a gripearen txertoarekin lotzen duen ebidentziarik"

Maldita.es webguneak astelehenean, ekainaren 22an, argitaratu zuen artikulu honetan, gezurtatu egin zuten audioan esandakoa. Webgune horretan nabarmentzen den bezala, ez dago COVID-19a gripearen txertoarekin lotzen duen ebidentziarik.

Audioan hitz egiten duen emakumea Sandra Felix da, aurpegiko estetikan aditua den medikua, eta Twitterreko bere kontu pertsonalean aitortu du mezuaren egilea dela.

Audioaren hainbat baieztapeni erantzunez Maldita.es webguneak azaldu duenez, COVID-19aren kasu larriak daude oraindik, "baina horiek hobeto maneiatzen ikasi dugu", eta "ez dago ebidentziarik" koronabirusak beste birus batzuen DNA txertoak dituela esateko, GIBarena kasu. Bestalde, ez dago ebidentziarik birusa hilabeteetan ezkutuan gera daitekeenik, ezta pertsonatik pertsonarako transmisioak (ezagutzen den bakarra) ahuldu egiten duenik ere. Aldiz, gero eta ebidentzia sendo gehiago dago sintomarik gabeko pertsonek birusa kutsa dezaketela pentsatzeko.

Maldita.es webguneak, beste artikulu honetan, ekainaren 17koan, gripearen birusa koronabirusarekin lotzen duen azterlan bakarra oso kalitate eskasekoa dela azaldu zuen. Artikulu honetan, martxoaren 4koan, bi birusen arteko aldea zehaztu zuen.

"Gripearen txertoak oso seguruak dira eta Europako eta Espainiako sendagai-agentziek zorrotz kontrolatzen dituzte kalitatea eta ikuskapena; ez dago COVID-19arekin lotzen dituen susmorik", adierazi du Espainiako Epidemiologia Elkarteko txertoen Lantaldeko Jesus Castilla doktoreak.

Castilla doktoreak argudiatzen duen bezala, gainera, koronabirusak ezin izan zuen ezkutuan geratu hilabeteetan: denbora batez egon daiteke organismoan, baina ez dago giza zeluletan mugarik gabe kantonatuta gera daitekeen ebidentziarik eta hilabete edo urte batzuk igarotako berraktibazioak sor ditzakeenik, herpes birusekin gertatzen den bezala".

Maldita.es-ek Madrilgo Osasun Muskuloeskeletikoko Institutuko zuzendari zientifikoa den Loreto Carmona erreumatologo eta epidemiologoaren hitzak jaso ditu: "Kasu larriak daude oraindik, ZIUra doaz, eta hil egiten dira. Gertatzen dena da horiek tratatzen ere ikasi dugula; izan ere, herrialde bakoitzean hilgarritasun txikiagoa ikusten joaten da denbora pasatu ahala. Detekzio eta jarraipen gehiago dago, beraz, diagnostikatutako kasuen artean hilgarritasuna desagertzen da. Horrek ez du esan nahi hain larriak ez direnik, larriak ez direnak hobeto antzeman daitezkeela baizik. Izendatzaileen kontua: kasu gehiago detektatuz gero, kasu larrien eta antzemandako kasuen arteko ratioa jaitsi egiten da".

Audioaren arabera, gripearen aurkako txertoak duen ustezko eraginkortasunik ezari dagokionez, Castilla doktorearen hitzetan, "ebidentzia zientifiko ugari daude" urtero ospitaleratzeak eta heriotzak saihesten dituela diotenak; "urtero pertsona asko txertatuko ez balira, gripe-uhinek askoz eragin handiagoa izango lukete", eta "COVID-19arekin ikusten dugunaren antza izango lukete", azaldu du.

EiTBren #Koronabuloak ekimena, Maldita.es webgunearekin lankidetzan aritzeaz eta erabiltzaileen abisuak jasotzeaz gain (600 900 454), VOST Euskadirekin (EAEko Larrialdietako Boluntario Digitalen Elkartea) eta La mecánica del caracol dibulgazio-programaren komunitate zientifikoarekin (Eva Caballero kazetariak Radio Euskadin zuzentzen eta aurkezten duen programa) lan egiten du.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Albiste faltsuak Txertoak Gripea Koronabirusa