Gizartea -
KORONABIRUSA
Alarma-egoerak utzitako gabeziei aurre egiteko neurriak aurkeztu ditu Kontseiluak
Euskara eta hizkuntz eskubideak errespetatuko dituen geroa eraikitzen hasteko urgentziazko neurriak jasotzen ditu adierazpenak.
EITB.EUS
Alarma-egoerak agerian utzi dituen gabeziei aurre egiteko urgentziazko neurriak aurkeztu ditu gaur goizean Kontseiluak Donostiako Aquariumean irakurritako 'Geroa Euskaratik' adierazpenean.
Azken aste hauetan hainbat bilera egin ditu Kontseiluak bere bazkide eta bestelako euskalgintzako kideekin (Elkar, Elhuyar, Euskal Herriko Ikastolen Elkartea, Sortzen, Bertsozale Elkartea...). Krisiak sortu dituen kalteak neurtu, eta horiei aurre egiteko urgentziazko neurriak identifikatu ditu Kontseiluak. Euskal Herriko erakunde publikoei helaraziko zaien dokumentuan jaso dituzte horiek guztiak, eta nagusienak gizarteratu berri den 'Geroa Euskaratik' adierazpenean bildu dira.
"Urgentziazkoak direla diogu, krisiari aurre egiteko talka-planaz, epe motzean aplikatu edo abian jarri beharreko neurriez ari garela ulertzen baitugu", zehaztu du adierazpenean Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Izan ere, eskakizun ekonomiko konkretuetatik haratago doazen neurriak jasotzen ditu adierazpenak: bide berriak urratzen hasteko erabaki eraikitzaileak eta egingarriak dira proposatutakoak.
Esaterako, irakaskuntzan ikasle guztien hizkuntza-gaitasuna bermatzeko murgiltze- eta mantentze-ereduetan sakontzen hasteko neurriak eskatzen dira, baita hizkuntza- irizpidea gailenduko den aisialdirako ekimenei bultzada ematea ere. Helduen euskalduntzearen kasuan, bestetik, doakotasuna helburu izanik, horretarako urratsak ematen hastea ere eskatzen du adierazpenak. Euskarazko sortzaileen lana aitortzeko eta babesteko araudi propioa ere lantzen hastea ezinbestekotzat jotzen da hartan, eta krisiak hain nabarmen utzi duen baliabide teknologikoen hutsuneei ere heltzea proposatzen du, besteak beste.
Neurri guztiak lehenbailehen hartu beharrekoak direla uste du Kontseiluak. Bereziki erakunde publikoek hartu behar dituztela adierazi du, "krisiak sortu dituen kalteei aurre egiteko, hizkuntz politikak birpentsatzeko eta etorkizun hobea eraikitzeko giltzarri" direlako. "Hurrengo 100 egunak garrantzitsuak izango dira gobernuen aldetik egoera honi erantzun ahal izateko zer neurri hartuko diren ikusteko. Norabide horretan hainbat proposamen aurkeztuko dizkiegu EAEko eta Nafarroako gobernuei, arloz arlo normalizaziorako norabidean egoera berezi honetan behar diren premiazko neurriak hartzen has daitezen", zehaztu du Bilbaok.
Era berean, bestelako gizarte-eragileei ere elkarlanerako deia egin die Kontseiluak, ildo berean joango diren adostasun zabal eta berriak lortzeko. "Ohartzen gara epe eta garai estuak datozkigula, baina horregatik ere, geroa euskaratik eraikitzeko eta aldaketak egiteko baliatu behar dugu egoera hau", adierazi dute.