Gizartea -
KORONABIRUSA
Hildako bat eta 14 positibo gehiago zenbatu dituzte Euskadin azken orduetan
Osasun Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak eguneratu egin dute COVID-19aren ondorioz Foru Erkidegoan hildakoen kopurua, eta 528an kokatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, pertsona bat hil da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, 1.603 hildako zenbatu dituzte jada. Horrez gain, 14 kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiral honetan emandako datuen arabera (osteguneko 24:00ak arte bildutakoak).
Normaltasun berriarekin batera, Euskadiren eta Kantabriaren arteko mugaren irekiera irudikatu dute gaur goizean Miguel Angel Revilla Kantabriako presidenteak eta Iñigo Urkullu lehendakariak. Ildo horretatik, Kantabriara joan nahi duen pertsona oro gaur ez dela derrigorrez hara joan behar azpimarratu du Nekane Murga Osasun sailburuak. Bere esanetan, "gozatzeko beste aukera batzuk daude; hala nola, lagunekin terraza batean egotea, baina segurtasun distantzia mantenduz".
Osasun sailburua kezkatuta agertu da orain arte indarrean egon diren neurriak egun batetik bestera ahazten badira, bere esanetan, "herritarrek gertatutakoa ez dela hainbesterako izan pentsa dezaketelako, egoera kontrolatzeko gaitasuna dagoela iritziz". Arrazoi horregatik, "ezinbestekoa" da herritarrek "normaltasunetik ahalik eta gertuen" bizitzea, baina distantziak mantenduz eta jende askorekin kontaktuan egotea saihestuz.
Murgak azaldu duenez, gaitza zabaltzen hasten bada pandemia kontrolatzea oso zaila dela erakusten dute Alemanian edo Txinan atzeman dituzten agerraldiek, eta, horregatik, kutsatu dezakeen baina sintomarik ez duen pertsona baten ondoan egon daitezkeela gogoratzeko eskatu die herritarrei.
Bestalde, orain "gaixotasuna hobeto" ezagutzen dela nabarmendu du Murgak, baina birus berria dela gogorarazi du: "Adituek oraindik ez dakite nolakoa izan daitekeen egoera udazkenean beste agerraldi bat badago, edo gripearekin bat egiten badu".
Halaber, Txagorritxuko Ospitalean (Gasteiz) eta Basurtuko Ospitalean (Bilbo) atzemandako bi fokuei dagokienez, "egoera guztiz kontrolpean" dagoela jakinarazi du sailburuak. Horren harira, Basurtun beste kasu bat atzeman dute azken orduetan; Txagorritxun, berriz, ez dute positiborik baieztatu. Beraz, egun 45 pertsona daude kutsatuta Basurtun, eta guztira 15 kutsatu dira Txagorritxun.
Bestalde, EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,98). Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du horrek. Atzo, 0,9koa zen indize hori, eta joan den astean, berriz, 1,67koa.
Horrela, datuek aldaketa nabarmenik gabe jarraitzen dute atzo zabaldutakoekin alderatuta, eta koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaera beheranzko joera izaten ari dela erakusten dute. Osasun Sailak jakitera eman duenez, gaitza atzemateko 3.198 detekzio-proba egin zituzten atzo: 2.763 PCR eta 435 test serologiko.
Azken orduetan, 14 kasu atzeman dituzte EAEn PCR proben bidez (13.646 guztira) eta 57 test serologikoen bidez (6.951), Eusko Jaurlaritzaren arabera; beraz, 20.597 kasu baieztatu dira orain arte.
Datuak lurraldez lurralde ikusita, azken orduotan baieztatu dituzten kasu gehienak (11) Bizkaian atzeman dituzte. Hain zuzen ere, Bizkaia da orain arte PCR proben bidez positibo gehien detektatu dituen lurraldea (7.880 guztira); Araban bi kasu baieztatu dituzte azken orduetan (3.323 guztira), eta Gipuzkoan gaitza atzemateko egindako detekzio-probetan positibo eman duen beste kasu bat atzeman dute. Gipuzkoan izan dira orain arte gutxien (2.282 guztira).
Hala, Bizkaian baieztatutako 11 kasuei dagokienez, Zornotzan (bat), Barakaldon (bat), Bilbon (sei), Galdamesen (bat), Getxon (bat) eta Santurtzin (bat) bizi dira azken 24 orduetan PCR bidez egindako probetan positibo eman duten zazpi pertsonak. Araban baieztatutako bi kasuei dagokienez, Gasteizen (bi) atzeman dituzte positibo berriak. Gipuzkoan, berriz, Irunen (bat) baieztatu dute kasu berri bakarra.
Horrez gain, Euskaditik kanpo bizi diren herritarrei egindako probetan 161 kasu positibo atzeman dituzte orain arte EAEn, baina horietako bat ere ez azken egunetan.
Osasun arloko krisi hau hasi zenetik, Euskadin 257.847 PCR proba eta 126.838 test azkar egin dizkiete 221.765 pertsonari (askori behin baino gehiagotan egin dizkiete probak).
PCR proben bitartez, pertsona batek une horretan bertan birusa duen edo gaixo dagoen jakin daiteke. Test azkarrek, berriz, pertsona bat kutsatuta egon den ala ez jakinarazten dute, baina ez dute zehazten gaixotasuna garatu duen, oraindik duen edo dagoeneko sendatuta dagoen; izan ere, test azkarrek pertsona batek garatutako immunitatea edo sortutako antigorputzak neurtzen dituzte, eta, beraz, iraganeko infekzio bat isla dezakete.
Bestalde, Osasun Sailak azaldu duenez, azken 24 orduetan zortzi pertsonak jaso dute alta ospitalean; guztira 4.264 gaixok jaso dute (% 20,7). Halaber, kasu positibo negatibotuak, hau da, PCR probetan positibo eman ondoren negatibo eman dutenak, 28 gehiago dira, 13.514 guztira (% 65,6).
Horren arabera, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruari dagokionez, paziente bat gutxiago artatu behar izan dute atzo zabaldutako datuekin alderatuta. Horrela, egun COVID-19ak erasandako 11 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan.
Orain arte, guztira 1.603 pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz EAEn (gaixotu diren guztien % 7,8), Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez.
Azken orduetan, bi pertsona ospitaleratu dituzte COVID-19agatik, eta, Osasun Sailaren esanetan, gaur egun 195 pertsona daude ospitaleratuta (gela arruntetan 184 daude, eta ZIUetan 11).
*OHARRA*:
Gaurko txostenak aldaketa bat jasotzen du sendatutako pertsonen kopurua jakinarazteko moduan. Batetik, test negatiboa duten pertsonen kopurua bereizten da (PCR bidez positibo eman ondoren, azkenean negatibo eman dute), eta, bestetik, ospitalean alta jaso dutenen kopurua. Osasun Sailak uste du modu hori zehatzagoa dela; izan ere, baliteke, adibidez, ospitalean alta eman zaien pertsonak egotea, eta haien PCRak positibo izaten jarraitzen du, baina ez du ospitaleratuta egon behar.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako txostena hainbat profesionalek egiten dute, eta informazioa lantzeko prozesuaren fase ezberdinetan beharrezko diren analisiez arduratzen da bakoitza. Hala, zabaldutako informazioa etengabe berrikusten da, eta zuzenketa txikiak egiten dira egunero.
Eguneratutako datuen arabera, Nafarroan 528 pertsona hil dira
Osasun Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak eguneratu egin dute COVID-19aren ondorioz Foru Erkidegoan hildakoen kopurua, eta 528an kokatu dute.
Kopuru hori, Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, Osasun Ministerioak erkidegoekin elkarlanean datuak biltzeko egin duen sistemaren azken eguneraketari eta egokitzapenari dagokio.
Azken egunotan, hildakoen kopurua 490 pertsonakoa zen Osasun Ministerioaren arabera, eta Foru Gobernuaren kasuan, gora egin du, atzo 518 pertsona baitziren, orain arte zenbatutakoak baino hamar gutxiago.
Azken 24 orduetan, ez da heriotza berririk izan Foru Erkidegoan, eta zazpi kasu positibo berri izan dira, guztira 5.370.
33 pertsona daude ospitaleratuta, atzo baino bat gehiago, 29 (bi gehiago) gela arruntetan eta lau zainketa intentsiboetan (bat gutxiago).
Osasun Ministerioak 154 kutsatze eta bi heriotza gehiago izan direla jakinarazi du
Osasun Ministerioak jakitera eman duenez, azken 24 orduetan 154 diagnostiko berri egin dituzte, hau da, ostegunean baino hamaika gehiago, eta bi hildako gehiago izan dira, gaur goizean jakitera eman dutenez.
Gainera, azken zazpi egunetan 40 pertsona hil dira, 11.633 pertsona Zainketa Intentsiboetako Unitate batean (ZIU) sartu dituzte, zortzi azken 7 egunetan; eta 124.806 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte pandemia hasi zenetik, 97 azken astean.
Balear Uharteetan, Kanarietan, Kantabrian, Ceutan, Extremaduran, Galizian, Melillan, Murtzian, Nafarroan eta Euskadin ez dute hildakorik jakinarazi azken zazpi egunetan. Hala ere, Andaluzian 1.426 pertsona hil dira; Aragoin, 911; Asturiasen, 333; Balear Uharteetan, 224; Kanarietan, 162; Kantabrian, 216; Gaztela-Mantxan, 3.022; eta Gaztela eta Leonen, 3.022.
Gainera, 5.662 pertsona hil dira Katalunian koronabirusaren ondorioz; Ceutan 4 pertsona hil dira pandemia hasi zenetik; Valentziako Erkidegoan, 1.430; Extremaduran, 519; Galizian, 619; Madrilen, 8.416; Melilla,n 2; Murtzian, 147; Nafarroan, 528; Euskadin, 1.554; eta, Errioxan, 365.
Guztira, Andaluzian 12.864 pertsona diagnostikatu dituzte COVID-19arekin; Aragoin, 5.880; Asturiasen, 2.435; Balear Uharteetan, 2.169; Kanarietan, guztira, 2.402 pertsonak eman dute positibo PCRn; Kantabrian, 2.342; Gaztela-Mantxan, 17.894; eta Gaztela eta Leonen, 17.894.
Halaber, Katalunian 60.450 kasu zenbatu dituzte; Ceutan, 163; Valentziako Erkidegoan, 11.451; Extremaduran, 3.000; Galizian, 9.169; Madrilen, 71.007; Melillan, 124 kasu; Murtzian, 1.638; Nafarroan, 5.370; Euskadin, dagoeneko, 13.679 pertsonak positibo eman dute PCR probetan; eta Errioxan, 4.072.