Gizartea -

ERREFUXIATUAK

4.826 pertsonak eskatu zuten asiloa iaz EAEn

2020ko lehen 5 hilabeteetan 1.124 asilo-eskaera erregistratu dira Euskal Autonomia Erkidegoan.

Errefuxiatuak EAEn. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Errefuxiatuak EAEn
Errefuxiatuak EAEn. ETBko bideo batetik ateratako irudia.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekainaren 19an, Errefuxiatuen Munduko Egunaren bezperan, CEAR-Euskadik CEAR 2020 urteko txostena aurkeztu du, 'Errefuxiatuak Espainian eta Europan' izenekoa, eta EAEko asiloari buruzko azken datuak eman ditu. Horrez gain, koronabirusaren krisiaren ondorioz pertsona talde ezberdinak (asilo-eskatzaileak, migratzaileak, errefuxiatuak eta aberrigabeak) nola kaltetu diren aipatu du.

EAEn, Barne Ministerioaren arabera, 4.826 pertsonak eskatu zuten asiloa iaz; horietatik 3.395ek Bizkaian, 891k Araban eta 540k Gipuzkoan. Zifra hirukoiztu egiten da 2018ko egoerarekin alderatuz gero, 1.595 eskaera erregistratu baitziren orduan Euskal Autonomia Erkidegoan.

2019an aurkeztutako asilo-eskaera guztietatik, CEAR-Euskadik eskatzaileen ia erdiei lagundu zien (2.328), eta nazionalitate eskatzaile nagusiak Venezuela, Nikaragua, Kolonbia eta Honduras izan ziren, hurrenkera horretan.

Joera mantendu egin da 2020an. COVID-19aren ondorioz mugak itxi eta asilo-izapideak konfinamenduak iraun bitartean gelditu ziren arren, urteko lehen 5 hilabeteetan 1.124 asilo-eskaera erregistratu dira Euskal Autonomia Erkidegoan: 688 Bizkaian, 298 Araban eta 138 Gipuzkoan.

Patricia Barcena CEAR-Euskadi erakundeko zuzendariak nabarmendu duenez, "osasun-larrialdiaren aurretik zaurgarritasun egoeran zeuden pertsonek bereziki pairatzen dituzte krisiak dakartzan ondorio sozial eta ekonomikoak. Gainerakoak bezala, ez dira immuneak. Gainera, prekarietatea, lehen ere haien bizitzan zegoena, areagotzen ari da egunotan".

CEAR-Euskadik argitu duenez, konfinamenduak iraun duen bitartean, pertsona horiek, salbuespenak salbuespen, ezin izan dute etxebizitza bilatu, ez dute gizarte-prestazio publikoak jasotzeko eskubiderik, ezin izan dute ordezko gizarte- edo lan-irtenbide bat prestatu eta ez dute bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzeko eskubiderik.

Errealitate horren aurrean, Barcenak uztailaren 12ko hauteskundeak "aukera bat" direla esan du "hauteskunde-prozesuaren ostean osatuko diren Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak EAEn bizi diren migratzaileen, aberrigabeen eta errefuxiatuen eskubideak bermatuko dituzten hainbat neurri hartzeko konpromisoa har dezaten, baita COVID-19aren krisiari aurre egiteko garatuko diren etorkizuneko plan ekonomiko eta sozialetan kolektibo horren behar espezifikoei erantzuteko ere".

Horren proposamenen artean, honako hauek daude: asiloa eskatzen duten pertsona guztiek eskubide, zerbitzu eta baliabide publikoak eskuratu ahal izatea bermatzea; nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonen eta errefuxiatuen harrera eta gizarteratzea bermatzea; eta Espainiako Gobernuaren aurrean aparteko erregularizazio-neurriak abian jartzea eragitea, egoera irregularrean dauden atzerritarren eskubideak bermatze aldera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Errefuxiatuak Gobernuz Kanpoko Erakundeak COVID kasuak