Gizartea -

Koronabirusa

Uztailaren 16an koronabirusaren biktimen omenezko estatu-hileta egingo dute Madrilen

Besteak beste, Europako Kontseiluko presidentea, Europako Batzordeko presidentea, Europako Parlamentuko presidentea eta Europar Batasuneko Kanpo Politikarako arduraduna izango dira ekitaldian.

Donostiako Ospitaleko osasun arloko profesionalak. Argazkia: EFE
Donostiako Ospitaleko osasun arloko profesionalak.
Donostiako Ospitaleko osasun arloko profesionalak. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak asteazken honetan jakinarazi duenez, uztailaren 16an koronabirusaren biktimen omenezko estatu-hileta egingo dute Madrilen. Ekitaldi horretan, pandemiaren aurka lanean aritu diren zerbitzu publikoetako beharginak ere omenduko dituzte.

Gaur goizean egin du iragarpena Sanchezek, Pablo Casado PPko buruzagiak Kongresuko kontrol-saioan egindako galdera bati erantzunez. Felipe VI.a Espainiako erregea ekitaldi horren buru izango da, eta, besteak beste, Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak eta Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak parte hartuko dute bertan.

Halaber, Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundeko (MOE) zuzendari nagusia, David Sassoli Europako Parlamentuko presidentea eta Josep Borrell Europar Batasuneko Kanpo Politikarako arduraduna ere izango omen dira Madrilen egingo den estatu-hiletan, Sanchezen esanetan.

Testuinguru horretan, Espainiako Gobernuak krisi honetan egindako kudeaketaren "porrota" inork ez duela zalantzan jartzen esan du Casadok, "Espainiak hildako, kutsatu eta langabe kopuru altuenak" zenbatu dituelako. Ildo horretatik, Sanchezek emandako hildakoen kopurua "zuzendu" du; izan ere, datu ofizialen arabera 27.000 hildako baieztatu badira ere, "Espainian 43.000 pertsona hil dira COVID-19aren ondorioz".

Omenaldiaren data jakinarazi aurretik, "elkarrekin lan egin nahi ez izatea" leporatu dio Sanchezek Casadori, eta alarma-egoera indarrean egon den bitartean, Estatuan "milioika lanpostu eta enpresa ez suntsitzea" lortu dela nabarmendu du. Horrez gain, egoera zaurgarrian dauden pertsonei lagundu dietela esan du, eta "450.000 pertsonaren bizia salbatzea" lortu dutela azpimarratu du.

"Egia da ez gaudela denok", onartu du Espainiako Gobernuko presidenteak, eta uztailaren 16ko omenaldiaren berri eman du jarraian. Testuinguru horretan, Kongresuan ordezkatutako talde politiko guztietako kideak koronabirusaren biktimen omenezko ekitaldira joatea espero duela esan du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Felipe VI.a Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea Munduko Osasun Erakundea