Gizartea -
Hezkuntza
Haurreskoletara itzultzeko plan "adostu" bat eskatu dute sindikatuek
LAB, Steilas eta ELA sindikatuek "haurren eskubideak erdigunean jartzeko eta Haurreskolak Partzuergoaren izaera pedagogikoa onartzeko" eskatu diote Jaurlaritzari.
Agentziak | Erredakzioa
LAB, Steilas eta ELA sindikatuek Haurreskolak Partzuergoan itzultzeko plan "adostu" bat exijitu dute, haurrak "erdigunean" jarriko dituena, baita ratio jaitsiera bat ere bermatuko duena, eta, aldi berean, haurrak ikastetxeetara nola itzuli diseinatzeko orduan "planifikazio falta" izan dela salatu dute.
Sindikatuek "negoziazio, inprobisazio eta planifikazio falta" salatu dute astearte honetan, Eibarren, Haurreskolak Partzuergoaren egoitzaren aurrean egindako agerraldian.
Adierazi dutenez, Haurreskolak Partzuergoak irailera arte haur eskolak ez zituela irekiko iragarri zuen gutun baten bidez, eta astebetera, ekainaren 8an, "oraindik alarma egoeraren 3 fasean egonda, irekitzeko baimena eman zieten".
Sindikatuen aburuz, erabaki horrekin "interes ekonomikoak hezkuntza komunitateko kide gazteenen, hezitzaileen eta, oro har, gizartearen segurtasunaren gainetik kokatzen dira".
Eusko Jaurlaritzak, sindikatuek kritikatu dutenez, "0-3 zikloa hezkuntza sistematik kanpo utzi du berriro, eta interes ekonomikoak irizpide pedagogikoen eta haurren eta langileen ongizatearen gainetik jarri ditu, Haurreskolak Partzuergoko eskolak irekitzeko erabakia hartzeko orduan".
"Pandemiaren ondorioz hiru hilabetez ikastetxeetara joan gabe egon diren haurren beharrei ez erantzuteaz gain, ez dute euren osasuna eta segurtasuna lehenetsi", sindikatuen esanetan, eta, kritikatu dutenez, Hezkuntza Sailak "alde bakarrez" hartu du erabakia, "gizartearen iritzia kontuan hartu gabe".
"0-3 zikloarekiko erakutsitako mespretxuaren aurrean, Haurreskolak Partzuergoko kide diren langileei mobilizatzea besterik ez zaigu geratzen", adierazi dute sindikatuek.
LAB, Steilas eta ELA sindikatuek "haurren eskubideak erdigunean jartzeko eta Haurreskolak Partzuergoaren izaera pedagogikoa onartzeko" eskatu diote Jaurlaritzari.
Era berean, aurkeztuko dieten itzulera plana "adostea" exijitu dute, eta, euren ustez, "ikasturte amaiera honetarako prebentzio plan bat, haurrentzat egokitze aldi bat eta ratio jaitsiera bat" bermatu beharko lukete, besteak beste.
Modu berean, ikasgelako haur kopurua proportzionalki jaisten bada, "gutxienez bi hezitzaile modu iraunkorrean egotea, ordutegiak murriztea eta espazioen antolaketa diseinatzea" eskatu dute.
Datorren ikasturteari begira, hainbat prebentzio plan gauzatzeko eskatu dute, "egon daitezkeen egoeretara egokituta: normaltasuna, gaixotasunaren berragerpen posiblea eta konfinamendu egoerara itzultzea".