Gizartea -
Koronabirusa
Beste bi kasu atzeman dituzte Txagorritxuko agerraldian, eta bat Basurtukoan
42 dira Basurtuko agerraldian kutsatutakoak (16 langile, 12 gaixo eta 14 bisitari edo gertuko). Txagorritxun, berriz, 15 dira kutsatutakoak (6 gaixo, 2 profesional eta 7 bisitari edo gertuko).
eitb.eus
Basurtuko Ospitalean (Bilbo) atzemandako koronabirus agerraldiari lotutako positiboak 42 dira dagoeneko, atzo baino bat gehiago, eta kutsatuetako 16 langileak dira, 12 gaixoak eta 14 bisitariak edo gertukoak. Gasteizko Txagorritxu Ospitaleko agerraldiari lotuta, berriz, 15 dira guztira, azken orduetan beste 2k eman baitute positibo (bisitariak dira biak).
Nekane Murga Osasun sailburuak esan du birusari eusteko fasetik "zaintza aktiboa" izenaz ezagutzen den fasera igaro direla, eta probei esker Basurtuko eta Txagorritxuko agerraldiak garaiz atzeman eta kontrolatu ahal izan dituztela.
Basurtun 42 dira guztira kutsatutakoak, astelehenean baino bat gehiago, eta zentroko langile bat da kasu berria.
Sailburuak jakinarazi du agerraldi horrekin lotutako 5.185 pertsonari egin dietela proba, osasun profesional, gaixo eta gertukoen artean.
Bien bitartean, Txagorritxun beste bi pertsona kutsatu dira, biak "gertukoak" eta isolatuta zeudenak. Horrela, 15 dira guztira kutsatu direnak.
Murgak berretsi du bi agerraldiak kontrolpean dituztela, baina datozen egunotan kasu berriak ager daitezkeela, birusa denbora luzez baitago gorputzean, eta EAEn ez dutela beste agerraldirik atzeman gaineratu du.