Gizartea -

Koronabirusa

Ez da ikasle mugarik egongo Iparraldeko ikasgeletan, eta distantzia murriztuko da

Frantziako Gobernuak ikasle kopuruaren muga kentzea erabaki du, eta gorde beharreko distantziaren araua murriztu dute ikasle guztiak eskolara itzul daitezen.

Eskola bat Ipar Euskal Herrian. Argazkia: EiTB
Eskola bat Ipar Euskal Herrian. Argazkia: EiTB
Frantziako ikastetxe guztiek, derrigorrez, ateak ireki beharko dituzte datorren astean

1:26

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Euskal Herrian ez da ikasle mugarik egongo ikasgeletan eta segurtasun-neurriak arinduko dira, datorren astetik aurrera ikasle guztiek eskolara itzultzeko aukera izan dezaten, Frantziako Gobernuak erabakita.

Jean-Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak Europe 1 irratian egindako elkarrizketa batean iragarri duenez, ikasle bakoitzarentzat lau metro koadro izateko araua aldatu egingo dute, eta metro bateko tartea besterik ez dute zaindu beharko.

Gainera, kendu egingo da Lehen Hezkuntzako ikasgeletan gehienez 15 ikasle izateko araua "ikasle guztiak hartu ahal izateko", azpimarratu du Blanquerrek Emmanuel Macron presidenteak bart egindako adierazpenak zehazteko. Izan ere, Macronek atzo esan zuen hilaren 22an ikasle guztiak itzuliko direla eskolara "nahitaez eta ohiko baldintzetan".

Eskolak erabat bi asterako soilik irekitzeak duen zentzuaz galdetuta (uztailaren 4an hasiko dira udako oporrak), ministroak esan du helburua dela "ikasleentzat parentesirik ez egotea".

Gaineratu duenez, ikasleentzat "psikologikoki garrantzitsua" da eskolara itzultzea, eta "etxean geratzeak baino arrisku gutxiago" du.

Ministroak jakinarazi du irakasleak aurrez aurreko eskolak ematera behartuta egongo direla, osasun-arrazoiak argudiatu ezean, baina horiek "salbuespenak" izango dira.

Datorren ikasturteari dagokionez, "elementu berriak" prestatzen ari omen dira, "pertsonalizazio handiagoa" besteak beste, konfinamenduan atzean geratu diren ikasleei arreta berezia eskaintzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Frantzia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Koronabirusa Deseskalatzea