Gizartea -

KORONABIRUSA

Espainiako Gobernuak ekainaren 21era aurreratu du Europarekiko mugen irekiera

Hegoaldeko herritarrek inolako mugarik gabe igaro ahal izango dute Iparraldera, eta alderantziz, data horretatik aurrera. Bisitarientzat ezarri zen 14 eguneko koarentena ere bertan behera geratuko da.

Pedro Sanchez ekain hasierako prentsaurreko batean. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez ekain hasierako prentsaurreko batean.
Schengen eremuko mugak zabalduko dira ekainaren 21etik aurrera

1:39

AGENTZIAK| ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak igande honetan iragarri duenez, ekainaren 21era aurreratuko dute Schengen eremuko herrialdeekin mugak irekitzeko epea, Portugalekin izan ezik, honek uztailaren 1ean izatea eskatu baitu. Gainera, uztailaren 1etik aurrera Schengenetik kanpoko herrialde guztiekin irekiko dira mugak.

Hauek dira Shengen eremua osatzen duten herrialdeak: Alemania, Austria, Belgika, Danimarka, Eslovakia, Eslovenia, Espainia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Hungaria, Islandia, Italia, Letonia, Liechtenstein, Lituania, Luxemburg, Malta, Norvegia, Herbehereak, Polonia, Portugal, Suedia, Suitza eta Txekiar Errepublika.

Osasun krisia hasi zenetik autonomia erkidegoetako presidenteekin egiten duen hamalaugarren bideokonferentzian eman die erabakiaren berri Sanchezek autonomietako buruei. Gaurko bideokonferentziaren ondoren ez da horrelako besterik izango (ekainaren 21ean amaituko da alarma egoera) eta uztail amaieran aurrez aurre bilduko dira guztiak, Euskadiko eta Galiziako hauteskundeak igaro ondoren.

Sanchez presidenteak esan du pandemiaren bilakaera ona ikusita hartu dutela erabakia. Beraz, ekainaren 21etik aurrera, Europako estatukideek altxatu egingo dituzte muga-kontrolak eta Espainian bertan behera geratuko da kanpotik zetozen pertsonek derrigor bete beharreko koarentena.

Iragarpen honekin, Hegoaldeko herritarrek inolako mugarik gabe bidaiatu ahal izango dute Iparraldera, eta alderantziz, data horretatik aurrera.

Munduko herrialdeen zerrenda

Gainera, Espainiako Gobernuko presidenteak erkidegoetako presidenteei esan die Europako Batzordeak "zerrenda bateratu bat egiteko zain" daudela, "Europako kontinenterako bidean beste herrialdeei ezarriko zaizkien murrizketen inguruan".

Sanchezek onartu du gai hori "kritikoa" dela, epidemiak Europan izan duen bilakaera "oso ondo" doalako, baina munduko gainerako herrialdeetan, kontinente amerikarrean, adibidez, "oso gaizki". Europako herrialde batzuk ere aipatu ditu puntu horretan, Errusia kasu.

Joan den ostegunean, Bruselak esan zuen espero duela estatu kideek arriskurik ez lekarketen herrialdeen zerrenda itxi bat adostea, baina "tarteka berrikus daitekeena", eta hala, hango herritarrek uda honetan Europar Batasun osora bidaiatu ahal izango dute (EBko herrialde batera iritsitakoan, estatu kide guztiek mugitzeko askatasuna izango baitute).

Zerrenda irizpide epidemiologikoetan oinarritu beharko da, komisarioak onartu duen arren zailtasunak daudela herrialde jakin batzuetan datu egiaztagarriak biltzeko, eta kontuan hartu beharko ditu, halaber, bidaian zehar helmuga diren herrialdeak aplikatzeko gai diren neurriak eta elkarrekikotasun-printzipioa jarraitzea.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Portugal Koronabirusa