Gizartea -
SELEKTIBITATEA
Maskarak, gelak eta urduritasuna nagusi selektibitateko lehen egunean Euskadin
Aurten, higiene eta segurtasun neurriak indartu dituzte, COVID-19ak eragindako pandemia dela eta. Gainera, aurreko urteetan baino leku gehiagotan egingo dira probak.
EITB.EUS
Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren (USE) lehen eguna –"selektibitatea" izenarekin ezagutzen dena– urtero ikasleengan eragiten duen ohiko urduritasunarekin hasi da EAEn, baina oraingoan, COVID-19ak eragindako pandemiaren testuinguruan, irudia desberdina izan da: maskarak, gelak eta segurtasun-distantzia azken orduko errepasoei eta azterketan sartuko diren edukien inguruko "kinielei" gehitu zaizkie.
Araceli Garin Gradu eta Graduondoko Ikasketetako errektoreordeak azaldu duenez, azterketa-sorten hasiera "gorabeherarik gabe" gauzatu da, eta 09:45erako, aurreikusitako ordua baino ordu laurden lehenago, gazte guztiak eserita zeuden, bakoitza bere lekuan, bi metroko distantzia zainduta. Aurten, EHUren campusetan prestatutako ohiko egoitzez gain, Barakaldoko BEC, Eibarko (Gipuzkoa) Armeria Eskola zein Eibarko BHIa, eta Arabako campusean dagoen Ekialdea BHI gehitu dira azterketa egiteko leku gisa.
Aurreikuspenen arabera, 12.594 pertsona aurkeztu dira USEra, eta ezarritako protokoloa bete dute: ikasle bakoitzak bere maskara kirurgikoa eta idazmahaiko materiala eraman du, distantzia zaindu du eta eraikinetako sarbideetan jarri diren gel hidroalkoholikoa erabili du.
Eraikinetara arazorik gabe sartu dira, kanpoaldean sortu diren pilaketa jakin batzuk izan ezik, batez ere, euria ari zuelako. Garinek gogoratu duenez, hogei minutuan behin eta alfabetikoki mailakatuta sartu dira.
Astelehen, astearte eta asteazken goizetan, uztailaren 6an, 7an eta 8an, USEko derrigorrezko irakasgaien probak egingo dira; arratsaldean, berriz, hautazko ikasgaien azterketak egingo dira, nota igotzeko balio dutenak.
Ikasleetako 11.758 Batxilergoko ikasleak dira, eta 836, Goi Mailako Heziketa Ziklokoak (Lanbide Heziketa). Iaz USEra aurkeztu ziren hautagaien kopuruak % 8,7 egin du gora.
Orotara, Batxilergoko 5.801 ikasle aurkeztuko dira Bizkaian, 4.287 Gipuzkoan, eta 1.640 Araban. Bizkaian LHko 379 ikasle aurkeztuko dira, Gipuzkoan 307 eta Araban 136.
Hizkuntzari dagokionez, Batxilergoko ikasleen % 74k (8.677 ikasle) euskaraz egingo dute proba, eta % 26k (3.051) gaztelaniaz. % 55 emakumeak dira eta % 45 gizonak.
LHko ikasleen artean, % 57k euskaraz egingo dute proba eta % 43k gaztelaniaz. Kasu horretan, emakumeen ehunekoa % 69koa da, eta gizonena % 31koa.
Ezohiko deialdia uztailaren 20an, 21ean eta 22an izango da.
Euskadin ez ezik, beste 11 autonomia-erkidegotan ere hasi dituzte gaur unibertsitatera sartzeko probak. Aurten, giro arraro eta ezohikoan egin dituzte probak, koronabirusaren pandemiaren eraginaren ondorioz, eta aparteko neurriak hartu behar izan dituzte, bai segurtasun-neurriak bai azterketen formatua moldatuta.
Andaluzia, Aragoi, Balear Uharteak, Kantabria, Gaztela-Mantxa, Katalunia, Galizia, Madril, Murtzia, Valentziako Erkidegoa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Errioxa dira azterketa aste honetan egingo dutenak; Asturias, Kanariak, Gaztela eta Leon, Extremadura eta Nafarroako ikasleek, berriz, aurretik egin dituzte.
USE azterketak berregituratzea
Bestetik, COVID-19aren pandemiak sortu duen ezohiko egoera dela eta, EHUk eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak USEko probak berregituratzea erabaki dute.
Hala, ikasturte hasieran ezarri ziren ereduak, orientabideak eta ebaluazio eta zuzenketa irizpideei eutsi diete, baina azterketak berregituratuta, bi helbururekin: alde batetik, proba malgutzea; eta, bestetik, ikasleen aukera berdintasuna bermatzea.
Funtsean, berregituraketa azterketa bakoitzaren hautazkotasuna handitzean datza, azterketa bakoitzaren A eta B aukeretako galderak nahasteko aukera emanez, modu ordenatuan eta galdera bakoitzaren puntuazioaren arabera. Ondorioz, egokitzapen desberdinak egin beharko dira gai bakoitzaren zehaztapenean.