Gizartea -
KORONABIRUSA
Gaixoen bisitetarako segurtasun neurriak indartzea aztertzen ari da Osasun Saila
Basurtuko Ospitalean hamar lagun kutsatu dira, eta Txagorritxun lau, Osakidetzak emandako azken datuen arabera.
eitb.eus
Bilboko Basurtuko Ospitalean eta Gasteizko Txagorritxu Ospitalean koronabirusaren agerraldi berriak atzeman ondoren, "kutsatze foku bat sortzen bada" Osakidetzak horren berri emango duela adierazi du Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Ildo horretatik, EAEko ospitaleetako sarbideetan segurtasun neurriak indartzeko aukera aztertzen ari direla esan du, ospitaleratutako gaixoak bisitatzera doazen herritarrek koronabirusik ez dutela ziurtatzeko.
Murgak nabarmendu duenez, Osasun Sailak eta Osakidetzak "erne" jarraitzen dute, pandemia ez baita "amaitu". "Osasun sistema osoa bere jarduna berreskuratzen ari da, baina profesionalen eta gaixoen segurtasuna lehentasuna da", nabarmendu du, eta, horretarako, "prebentzio neurriak" ez direla ahaztu behar, ospitaleak gaitza hedatzeko leku "aproposak" direla ohartarazi ostean.
Murgak azaldu duenez, Osakidetzak ikerketa jarri du abian ospitaleratuta zeuden bi gaixok positibo eman dutela ikusi ostean. Harremanak ikertu ostean, 90 PCR proba baino gehiago egin dituzte gaixo, profesional eta bisitarien artean, eta oraingoz 8 gaixok eta bi profesionalek eman dute positibo COVID-19an.
Segurtasun neurri gisa, gaixoak zeuden lekuak desinfektatu dituzte. Gainera, Revilla pabiloiko lehenengo solairura eraman dituzte, COVID-19a artatzeko egokitutako gelak bertan baitaude.
Txagorritxu
Gasteizko Txagorritxu Ospitaleko agerraldiaz, berriz, Osasun sailburuak esan du lau direla kutsatuak, eta horietako bat zentroko profesionala dela.
Koronabirusaren pandemiaren datuak emateko prentsaurrekoan adierazi duenez, gaixotasunaren joera "ona" da, baina gogorarazi du Txagorritxun "kutsatze fokua" atzeman dutela, eta horrek agerian uzten duela gaitza bizirik dagoela.
Txagorritxuko agerraldia ospitaleratuta zegoen gaixo batek sortu zuen, hirugarren probara arte negatibo eman baitzuen. Dagoeneko segurtasun neurriak jarri dituzte martxan, eta egindako 81 PCR probei esker jakin dute beste pertsona bat, gaixo hori bisitatzera joan zen bat, eta profesional bat ere gaixotu direla.