Gizartea -

Koronabirusa

Donostiako Victoria Eugeniak eta Antzoki Zaharrak irekiko dituzte aste honetan

Itxialdiaren ostean formatu handiko ikuskizunak eskaintzen lehenak izango dira Euskadin.

Victoria Eugenia antzokiaren artxibo irudia. Argazkia: EiTB.
Victoria Eugenia antzokiaren artxibo irudia
Victoria Eugenia antzokiaren artxibo irudia. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Victoria Eugeniak eta Antzoki Zaharrak % 50eko edukiera izango dute aste honetan, eta konfinamenduaren ostean formatu handiko ikuskizunak eskaintzen lehenak izango dira Euskadin. Asteazkenean "probako" gala egingo dute Victoria Eugenian, Osakidetzako eta Donostiako Udaleko langileentzat, osasun arloko langileen lana aitortzeko. Ostiralean hasiko da ekaineko programazioa, hiru kontzertu, hiru antzezlan eta sei zine emanaldi eskainiko dituena.

Prentsaurreko presentzial eta telematikoan, Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotziak "munduko ilusio guztiarekin" iragarri du irekiera hori, baina, hemendik aurrera, esperientzia kulturala "bestelakoa izango da eta egokitu egin beharko dugu", gaineratu du.

Bertan azaldu duenez, asteazkeneko ikuskizunak deseskalatze fase berri honetan kultur jarduerari berrekiteko protokoloen funtzionamendua "probatzeko" balioko du, Donostia Kulturak 'Kultura osasunez gozatu' lelopean "motorrak aktibatzeko" eta, aldi berean, osasun-langileen lana aintzatesteko garatutako programaren baitan.

'Piztu argiak' epigrafearekin, Aitziber Garmendia, Sara Cozar eta Igor Calonge aktoreek eta Kresala konpainiak hartuko dute parte bertan.

Gainera, joan den astean Donostia Kulturako liburutegiek eta museoek ateak zabaldu zituztela adierazi du, eta prozesu hori jendeak "eskertu" egin duela.

Horren arabera, asteazkeneko galaren ostean, ostiralean, ekainerako programazioa hasiko da, bertako artistak indartuko dituena eta hiru kontzertu, hiru antzezlan eta sei zine emanaldi eskainiko dituena, betiere "osasun eta segurtasun berme guztiak betez" eta % 50eko edukierarekin: 391 eserleku Victoria Eugenian eta 260 Antzoki Zaharrean. Maskarak nahitaez erabili beharko dira bietan.

Ekaineko programazioa

Musikari dagokionez, Victoria Eugenian, ostiralean, Zea Mays arituko da; 21ean, Mc Enroe, eta 28an, Lou Topet. Antzerkiari dagokionez, hilaren 13an eta 14an, Antzoki Zaharrak Ramon Agirre, Inazio Tolosa eta Nerea Gorriti protagonista dituen 'Gu lehen!' obra taularatuko da, eta 19an zein 20an, Victoria Eugenian, Pez Limbo konpainiaren 'Harri orri ar' antzezlana. Horrez gain, David Gutierrez eta Beatriz Rico 'Hitz kateatuak' filmeko protagonistak izango dira hilaren 27an eta 28an Antzoki Zaharrean.

Bestalde, Antzoki Zaharrak Giza Eskubideen Zinemaldiaren proiekzioei ekingo die berriro, lan hauekin: 'Apaga la luz y verás', hilaren 22an; 'Ernest Lluch, libre eta ausarta', 23an; eta 'Bi urte, lau hilabete eta egun bat', 24an. Ekaineko ikuskizunetarako sarrerak salgai daude dagoeneko, asteazkeneko galakoak izan ezik, osasun alorreko eta udal langileentzat bakarrik zuzenduta daudelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Musika Gizartea Eguneko albisteak Kultura Albisteak Antzerkia